Gailurrak eta mendien barrunbeak hizpide Mendiko Lagunak Taldearen Mendi Jardunaldien edizio berrian

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 15a, 07:47

Takomano Espeleologia Taldeak itxiko ditu jardunaldiak, azaroaren 26an Mendiko Lagunak Taldearen egoitzan eskainiko duen proiekzioarekin. / Mendiko Lagunak

Bi asteburuz luzatuko da Mendi Jardunaldien edizio berria. Mendiko Lagunak Taldeak egitarau oparoa prestatu du, eta munduko alpìnismoaren izen garrantzitsuenetako batzuk izango dira bertan, tartean Silvia Vidal, 2021ean Urrezko Pioleta saria jaso zuen eskalatzailea.

Urteroko zitari eutsiz, ostiralean emango diote hasiera Mendi Jardunaldien edizio berri bati. Mendiko lagunak Taldeak egitarau oparoa prestatu du datozen bi asteburuetarako, eta entzute handiko alpinista eta eskalatzaileen abenturak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko dute.

Azaroaren 17an David Palmada Pelut eskalatzaileak inauguratuko ditu jardunaldiak. Palmadak Ernesto Belenguerrekin 475 metroko sakonerako putzu batean irekitako eskalada bideaz mintzatuko da. Munduko hamar putzu sakonenetariko bat da Kantabriako (Espainia) "Gran Pozo MTD" putzua.

Espeleologo talde batek 2016an topatu zuen, eta handik gutxira ilunpetan gordetako horma igotzeko proiektuari ekin zion eskalatzaile bikoteak. Guztira bederatzi egun igaro zituzten Palmadak eta Belenguerrek putzu barruan, eguzki argirik gabe eta lokatzez inguratuta.

Bigarren asteburua, asteburu bizia

Egitarauaren zatirik handiena, ordea, bigarren astebururako gorde dute Mendiko lagunak Taldeko kideek. Azaroaren 24tik 26ra hiru egun jarraian izango dira solasaldiak.

Ostiralean Ana Salvador Hueskako (Espainia) freerider-ak 6.000split proiektua aurkeztuko du, bideo eta argazkien proiektuen bidez. Ekuador, Bolivia, Peru edota Nepalen 6.000 metroko mendiak igo eta snowboard taularekin jaistea izan da Salvadorren proiektuaren ardatza.

Larunbatean, azaroak 25, luxuzko gonbidatua jasoko du mendi talde amurrioarrak. Silvia Vidal, 2021ean Piolet d'Or sari entzutetsuarekin saritutako alpinista izango da Amurrio Antzokian. Vidalek hogeita hamahiru egun igaro zituen inkomunikatuta Patagoniako Cerro Chilenon mendian bakarkako eskaladan. Vidalek Sinkronia Magikoa (A3+/6a+) 1.180 metrotako bidea zabaldu zuen bere balentrian, 2020ko otsaila eta martxoan.

Jardunaldiak agurtzearen ardura, aldiz, Takomano espeleologia taldeko kideek izango dute. Igandean, azaroak 26an, Losa haraneko Suso Iturri Sistemako esplorazioaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte.

Esplorazioa Mendiko Lagunak Taldearen bekari esker gauzatu du tokiko espeleologia taldeak. Igandeko proiekzioan esplorazio espeleologiko baten prozesu guztia azaldu eta ateratako ondorioak aurkeztuko dituzte.

Hitzaldi eta proiekzio guztiak 19:00etan egingo dituzte, Amurrio Antzokian. Takomanoren hitzaldia izango da salbuespena; izan ere, Mendiko lagunak taldearen egoitzan egingo dute azken aurkezpen hau. Sarrera librea izango da antzokiko edota egoitzako edukiera bete arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide