Aiaraldeko etxez-etxeko laguntza zerbitzuko langileak, egoitzetako langileak, jantokietakoak, mendekotasuna duten pertsonen senideak... Funtsean eskualdeko zaintzaileak elkartzeko asmoa dute Amurrion egingo den Zaintzen Foroaren II. edizioan. Amurrioko Emakumeen* Sareak eta Aiaraldeko Mugimendu Feministak antolatu dute topaketa elkarlanean.
Amurrioko Nagusien Etxean jarri dute hitzordua, azaroaren 18an, larunbatean,11:00etatik aurrera.
Ekainaren 24an egin zuten foroaren lehenengo edizioa, eta bertan mamitutako hausnarketei bide eman nahi diete oraingoan ere. Horregatik, orduan egin bezala, zaintzekin lotutako edozein lanbideren topaleku izan nahi du espazioak.
Zaintza-sistema komunitarioa eztabaidagai
Dokumental batekin hasiko dute larunbateko jardunaldia: Emakumeak Kolokatasunean. Jarraian ekingo diote foroaren ardatz nagusia izango den hausnarketa dinamikari.
Hain zuzen ere, Euskal Zaintza-Sistema Publiko eta Komunitarioaren beharraren inguruan mintzatuko dira. Horretarako Euskal Herriko Mugimendu Feministak abian jarritako Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak irekitako eztabaidagaia izango dute hizpide.
Halaber, ahalik eta zaintzaile gehien elkartzeko asmoarekin, zaintza-gunea egongo dela adierazi dute foroko antolatzaileek. Bertan haurrak zein menpekotasuna duten pertsonak artatuko dituzte, egitarauak iraun bitartean.