Nerbioiko ur-jauzian oreka bila

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 22a, 11:11

900 metro luze dituen soka jarri zuten Delikako arroilaren gainean, 300 metrotako altueran. / Berria.eus

Dokumentala grabatzen aritu dira asteburuan Nerbioiko ur-jauziaren inguruan. Oreka Tolosa kirol taldeko kideek Delikako arroila alderik alde zeharkatzen duen 900 metrotako soka jarri dute, eta honen gainean aritu dira oinez. 2024ko Mendi Film jaialdian aurkeztuko dute grabatutakoaren emaitza.

Bolo-bolo ibili dira sare sozialetan barrena asteburuan Nerbioiko ur-jauzi ingurutik jasotako irudiak. Delikako arroilaren alde batetik bestera bederatziehun metroko soka luzatu eta honen gainean orekan aritu dira ausart ezezagun batzuk.

Oreka Tolosa kirol taldeko kideak dira balentriaren atzean egon direnak. Slacklinean edota honen muturreko bertsioa den highlinean aritzen dira klub gipuzkoarreko kideak. Hain zuzen ere, Mendi Film nazioarteko mendi eta abentura zinema jaialdirako dokumentala grabatzen aritu dira Daniel Cascales zinemagilearekin batera.

Aiaraldea Komunikabidea Daniel Cascalesekin jarri da harremanetan grabaketaren nondik norakoak ezagutzeko. Mario Hidalgo Oreka Tolosa taldeko kidearena izan zen Nerbioiko ur-jauzia alderik alde soka gainean gurutzatzearen ideia. Hidalgok aspalditik zituen azpiegitura muntatzeko beharrezko baimenak, eta inori ezer esan aurretik, Cascalesegana jo zuen, proiektua elkarlanean garatzeko.

"Martxoan dosier bat osatu genuen, baita proiektuaren teaser bat ere", azaldu du zinemagileak. "Material guztia bildu eta Mendi Film jaialdira bidali genituen. Udan jakinarazi ziguten Mendi Film Bizkaia Ternua IV. beka eskuratu genuela". Bekak eskaintzen duen dirulaguntzarekin, grabaketari ekin zioten Hidalgok eta Cascalesek.

Prestakuntza hilabete luzeak izan dira. Azkenean, iragan azaroaren 13an hasi ziren highlinea muntatzen. "Astebete igaro dugu Delika inguruan. Ohikoan baino konplexuagoa izan da highline honen muntaketa, lau egun behar izan ditugu azpiegitura guztia prestatzeko". Behin guztia probatuta, asteburuan hasi ziren Hidalgo eta Oreka Tolosako gainerako kideak soka gaineko oreka neurtzen.

2024an estreinaldia

Daniel Cascales oso pozik dago bizitako esperientziarekin eta grabatutakoarekin: "Orain lan eskerga dut aurretik, irudi guztiak editatzeko, baina eskertu egiten dut lan hori, oso gogoko dut". Dokumentalak highlinea prestatzeko prozesu osoa erakutsi nahi du, eta 2024ko Mendi Film jaialdian estreinatuko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide