Juan Urrutia plazan indarrak batu zituzten atzo Amurrioko Mendiko eta Zabaleko eskoletako hezkuntza komunitateek. Euskal eskola publikoak eta Aiaraldeko ikastetxeek azken urtean pairatutako erasoak salatu zituzten. Aretako bi urteko gelaren itxiera aginduaz eta Mendiko eskolako lerro oso baten itxieraz gain, ikasturte hasieratik bizitako gorabeherak ere jarri zituzten jo-puntuan.
Ikasturteko lehenengo egunetan egondako garrai zerbitzu falta, eskola jantokietako zerbitzuetan egondako arazoak edota matrikulazioa garaian Hezkuntza Sailak ikasleak itunpeko eskoletara bideratzeko hartutako erabakia jarri dituzte eskola publikoak jasotako azken erasoen adibide.
Hezkuntza Legeari "ezezko borobila"
Ezusterik ezean Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak azaroaren 29an emango du ontzat Hezkuntza Lege berriaren proiektua, bere onarpenari bide emanez. Horri aurre hartu nahian Euskal Eskola Publikoaren gehiengoa ordezkatzen dutenen izenean lege berriari "ezezko borobila" eman zioten atzoko mobilizazioan.
Mendiko eta Zabaleko eskoletako kideek salatu zutenez "hezkuntza komunitatearen parte hartzerik gabe osatu da legea". Aldarrikatu zutenez Legebiltzarrak laster onartuko duen testuak "hezkuntza-sistemaren pribatizazioan sakontzen du, sare publikoa eta pribatua berdinduz".
Halaber, lege proiektuak eskola-segregazioari aurre egiteko neurririk aintzat hartzen ez duela salatu dute. Modu berean ikasleen euskalduntzea bermatzen ez duela ere azpimarratu dute, orain arteko hizkuntza-ereduek indarrean jarraituko dutelako.
Horren aurrean Euskal Eskola Publikoaren defentsan borrokan jarraitzeko deia luzatu zuten.