"Aukera berrien gailur" bilakatuko dute Babio mendia Gabonen testuinguruan

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 29a, 12:27

Hainbat elkarteren laguntzari esker, herritar orok izango du ekimen solidarioan parte hartzeko aukera. / Aiaraldea.eus

Amurrio Trail taldeko kideek elkartasunaren gailur bilakatuko dute Babio mendia Gabonen testuinguruko ohiko igoera eta kirol ekimenean. Aurtengo edizioan bildutako dirua Down Sindromea  duten pertsonekin lan egiten duen fundaziora bideratuko dute.

Urteroko zitari heldu diote, aurten ere, Amurrio Trail taldeko kideek. Abenduaren 23 eta 24ean Babio mendia elkartasunaren ikur bilakatuko dute. "Aukera berriak denontzat" lelopean 16 ordu Non-Stop ekimenaren V. edizioa eta Babio Igoeraren VII. edizioa antolatuko dituzte.

Trail taldeko kideek aurreratu dutenez "oso gogotsu" daude aurtengo erronkari heltzeko. Asmoa, 2022ko edizioan jarritako marka gainditzea da Amurrio Trail taldekoen hitzetan. Iazko ekimena oso arrakastatsua izan zen; guztira 6.000 euro bildu zituzten Alzheimerra eta beste dementzia batzuen aurka borrokatzen duen AFARABA elkartearentzat.

Aurten bildutako diru guztia Down Sindromea eta bestelako Ezintasun batzuk dituzten pertsonekin lan egiten duen Euskal Herriko fundaziora bideratuko dute.

Non-Stop erronka

Abenduaren 23an. 18:00etan, hasiko dute hamasei orduko kirol erronka. Une horretatik aurrera, eta abenduaren 24ko goizera arte, orduro kirolari talde bat abiatuko da Juan Urrutia Plazatik Babio mendiraino. Joan-etorriko hamar kilometroko ibilbidea da, 400 metroko desnibel positiboa duena, eta gau guztian zehar hornidura puntu txiki bat egongo da tontorrean.

Gaua gehiago girotzeko, Lehian erromeriak kontzertua eskainiko du Amurrioko plazan, 22:00etatik aurrera. Traill taldeak txosna solidarioa jarriko du.

Izen ematea Euskal Mendizale Federazioaren web-orrian egin beharko da. Inskripzioak bost euroko kostua izango du, eta diru guztia Down Sindromearekin lan egiten duen fundazioak jasoko du. Aurten, gainera, berritasun bat gehitu dute. Edozein elkarteko edo negoziok aukera izango du hogeita hamar euroko prezioan igoera bat erosteko, babesletza formatuan.

VII. Babiora Igoera

Ekimenaren hitzordu nagusia abenduaren 24an izango da. 10:00etan Juan Urrutia plazatik irtengo dira ehunka mendizale Babio mendiaren gailurreraino. Ekimenean Montes Solidarios eta Ezina Ekinez Egina elkarteen laguntza jasoko dute bidean, pertsona oro izan dadin tontorrera iristeko gai. Biak irabazi-asmorik gabeko bi erakunde pribatu dira eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzendutako mendiko jarduerak sustatzen eta antolatzen dituzte. Horretarako, pertsona itsuen eta ikusmen txikia duten pertsonen mendiko gidaritzan trebatutako pertsonak daude, bai eta Joelette aulkia erabiltzen eta gidatzen dutenak ere", azaldu dute Amurrio Trail Taldeko kideek.

Babioko puntan, Olentzeroren bisita berezia jasoko dute parte-hartzaile guztiek. Amurriora itzultzerakoan, aldiz, txokolate eta txistorra janaz gozatu ahalko dute Juan Urrutia Plazan,

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide