Ardura exijitu die EH Bilduk Amurrioko Udal Gobernuko kideei, "udalaren funtzionamenduaren porrotaren aurrean"

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abe. 1a, 17:37

Gogor kritikatu du EH Bilduk udal gobernuaren funtzionamendua. / Aiaraldea.eus

Amurrioko EH Bilduk gogor kritikatu du udal-gobernu taldearen funtzionamendu "kaotikoa", eta "arduraz jokatzea" eskatu die EAJko eta PSE-EEko zinegotziei. 

Gogor kritikatu du Amurrioko EH Bilduk udal-gobernu taldearen funtzionamendua, gaur goizean Guk eskulturaren aurrean egindako prentsa-agerraldian. Azken hilabeteetako udal-dinamika "kaotikotzat" jo du oposizioko taldeak.

Gobernu Batzordearen eratzeaz geroztik ezarritako funtzionamendua guztiz desegokia dela azpimarratu du EH Bilduk. Hain zuzen ere, EAJk eta PSE-EEk Tokiko Gobernu Batzorde berritik kanpo utzi zuten koalizio abertzalea. Geroztik, udalaren egunerokoan "kaosa" nagusitu dela aldarrikatu du oposizioko taldeak.

"Helarazi ziguten egutegi instituzionalak bi batzorde egonkorren maiztasuna baino ez du zehazten. Beraz, ez dago jakiterik gainontzeko batzorde guztiak noiz izango diren", salatu dute Jon Berganza eta Angela Rico zinegotziek gaurko hitzartzean.

Koalizioak azaldu duenez, badira azaroaren 29ra arte deitu ez diren batzordeak, segurtasunari eta parte hartzeari lotutakoak kasu. Beste batzuk, aldiz, eduki gabekoak izan direla salatu dute, edo hiru minutuko iraupena izan dutela soilik.

EH Bilduk gogora ekarri du batzordeko lehendakari izateagatik eta Tokiko Gobernu Batzordera zein Osoko Bilkurara bertaratzeagatik 1.500 euro jasotzera hel daitezkeela zinegotziak, "dedikaziorik gabe".

"Guztiz mugatuta ikusten ari gara oposizio eskubidea baliatzea"

Arduraz jokatzeko deia

Egoera horren aurrean, udal funtzionamendua aldatzeko eta arduraz jokatzeko deia luzatu die EH Bilduk udal gobernu taldeko zinegotziei. "Dinamika inprobisatu eta zoro honetan lan egitera behartuta gaude eta guztiz mugatuta ikusten ari gara oposizio eskubidea baliatzea. Horregatik, udal gobernu taldea osatzen duten zinegotzi guztiei arduraz eta erantzukizunez jokatzea eskatzen diegu. Gure herriaren etorkizuna dago jokoan", amaitu dute hitzartzea Berganza eta Ricok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide