Refor Kirolguneak atletismoaren festa hartuko du asteburu honetan. Oinkariak Atletismo Taldeak Amurrioko Krosaren V. edizioa prestatu du igande honetarako, irailak 10.
Aurten Espainiako Federazioaren barruko lasterketa izango da berriro ere. Gainera, estatu osoko kros antolatzaileak biltzen dituen ADOC elkartean sartu da aurten Oinkariak taldea.
Horri esker, igandeko krosaren laburpenak eskainiko dituzte datorren astean ETB-1 eta Teledeporte telebista kateetan, Amurrioko hitzorduari are ikusgarritasun handiagoa emateko.
Igandeko krosaren laburpenak eskainiko dituzte datorren astean ETB-1 eta Teledeporte telebista kateetan
Adin guztientzako lasterketa
Oinkariak Taldeko Pablo Mas oso baikor mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin asteburuko zitaren harira: "Aurreko urteetan bezala espero dugu jende nahikotxo bertaratzea Amurriora".
Masek azaldu duenez, aurtengo edizioa adin eta publiko guztientzako izango da. Izan ere, 'Jolas-festa' izeneko kategoria estreinatuko dute, 0 eta 8 urte bitarteko haurrentzat.
Kategoria berri horrez gain, eskola Kiroleko eta kirol federatuko kategoria guztietan egongo da lehiatzeko aukera. Gainera, maila handiko atletaren bat ekartzeko lanetan ari dira senior kategorian aritzeko, Masek aurreratu duenez.
Bukatzeko, eta azkenengo urteetan bezala, lasterketa herrikoiarekin itxiko dute eguneko programazioa. Ostegunean itxiko dute kroseko izen ematea, baina gazteenek igandean bertan inskripzioa egiteko aukera ere izango dute.
"Aurreko urtean zirkuitu berria egin behar izan genuen Reforreko obrak zirela eta, baina ikusi dugu askoz ere dibertigarriagoa dela"
Iazko zirkuitua
2022ko edizioko kros zirkuitu berdina mantenduko dute aurten ere Oinkariak taldeko kideek. "Aurreko urtean zirkuitu berria egin behar izan genuen Reforreko obrak zirela eta, baina ikusi dugu askoz ere dibertigarriagoa dela", azaldu dio Pablo Masek Aiaraldea Komunikabideari.
Proposatutako zirkuituak, gainera, lasterketa hobeto jarraitzeko aukera eskaintzen du, antolatzaileen hitzetan, kirolariak behin baino gehiagotan igarotzen direlako irteera marratik.
Lehenengo lasterketa 10:00etan hasiko da, eta 14:15ak arte luzatuko da kirol ekimena. "Aukera paregabea krosean aritzeko eta zirkuitu polit batez gozatzeko", Masen hitzetan.