Zer da INTI ibilbidea?
Ketzal ibilbidean inspiratuta dago, antolatzaileek bertan ezagutu zuten elkar eta helburua ez da turismoa egitea, bisitatzen diren lekuetako pertsonak eta kultura ezagutzea baizik. Miguel de la Quadra hil zenean Ketzal ibilbidea amaitu zen eta INTI ibilbidearekin bere bidea jarraitu nahi dute. Gaur egun 150 pertsonak hartzen dute parte, antolakuntzako kideak, intendentziakoak, medikuak eta abar kontuan hartuta.
Zein da ibilbidearen helburua?
Unibertsitate ibiltari bat bezalakoa da. Bisitatu ditugun lekuetako kultura, lekuaren historia, geografia... ikasi ditugu, eta elkar ezagutzan sakondu. Birziklapena oso kontuan izaten genuen, eta lekuak aurkitzen genituena baino garbiago uzten genituen. Hartu genituen hegazkin eta autobusekin sortutako C02 aztarna ezabatzeko zuhaitz batzuk landatu genituen.
Cancuneko plaza batean elkartu ginen mundu osoko pertsona ezberdinak eta hortik Valladolidera joan ginen eta gero Puuc oihanera. Bertan Tabi etxaldean egon ginen lauzpabost egunez. Gero Campechen, Calakmul, Tekax, Mali, Mayapan... Yucatan penintsula nahiko sakonean ezagutu genuen.
Zein izan da zuen egunerokoa?
Goizeko hiruretan esnatzen ginen, eguzkiagatik. Dena jaso eta ibiltzen hasten ginen. Sei-zazpi kilometroren ostean gosaltzen genuen eta berriz jarraitzen genuen ibilbidearekin. Egunean 26 edo 16 kilometro inguru ibiltzen ginen.
Hirurak aldera iristen ginen helmugara, bazkaldu eta ekintza desberdinak egiten genituen. Bidean ere toki desberdinak bisitatzen genituen, piramideak eta antzinako herriak, adibidez.
Piramidez inguratuta oihana eta fauna ikustea izugarria izan da.
Nolakoa izan da harremana oihanarekin eta animaliekin?
Ez dakit zenbat tarantula ikusi nituen eta bat motxilan ere sartu zitzaidan. Iguanak, tximinoak, kaimanak, txoriak, martutxa bat, buztan zuridun oreina, azeri bat, saguzar asko... eta gauez dena armiarmaz josita zegoen.
Bertako komunitateekin harremana izan zenuten?
Bai, Kan Sakaben zorte handia izan genuen. Bertako dantzak ezagutu genituen, janaria prestatu ziguten, kobazulo bat erakutsi ziguten, eskumuturrekoak egiten ikasi genuen, maia klaseak eman zizkiguten, tortillak egiten ikasi genuen... Haien etxeen ateak zabaldu zizkiguten, denetarik galdetzeko aukera izan genuen.
Ibilbidearen ostean zer egin zenuen?
Batzuk bidaiatzen jarraitu genuen, baina oso ezberdina izan zen ordutik aurrera. INTI ibilbidea burbuila baten antzekoa izan zen: mugikorrik gabe, beti elkarrekin ibiltzen ginen, lurrean egiten genuen lo, gutxi garbitzen ginen, ez genuen edateko urik... Mugikorrak hartu genituenean gure arteko harremanak aldatu ziren.