Eguraldia lagun, atletismo goiz oparoaz gozatzeko aukera egon da gaur Aiaraldean. Amurrioko Krosaren V. edizioa ospatu da Refor kirolgunean. Ehunka kirolari aritu dira lehian lasterketetan, eta beste horrenbeste lagun egon dira ibilbidean zehar barreiatuta, parte hartzaileei animoak ematen.
Sona handiko korrikalariak aritu dira lehian, Dani Mateo edota Maurine Jemutai, besteak beste. Biek irabazi zuten kategoria absolutuetan, baina maila orotako korrikalariek izan dute tokia krosean, adin eta kategoria asko aritu baitira lehian, haurretatik Masterretara. Lasterketa herrikoiarekin eman diote amaiera goizari, eskualdeko dozenaka korrikalariren parte hartzearekin.
Antolatzaileek iragarri dute Oinkariak atletismo klubaren webgunera igoko dituztela eguneko argazki, bideo eta sailkapen guztiak.
Oinkariak berak adierazi du oso balorazio positiboa egin dutela eta pozik daudela krosaren emaitzekin.
Argazkiak: Txabi Alvarado eta Javi Saez