Urriaren 25ean egin bezala, bihar ere greba egingo dute Euskal Autonomi Erkidegoko langile publikoek. ELA, LAB, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek 150.000 langile baino gehiagori luzatu diete grebara batzeko deia.
Aiaraldeko zerbitzu publikoetan ere nozituko da biharko lanuztea. Amurrioko Udaleko langile batzordeak oharra plazaratu du deialdia babesteko, hiriburuetan egingo diren mobilizazioetara bertaratzeko deia eginez.
Hamar urtetan funtzio publikoko langileen eros-ahalmena %20 jaitsi dela salatu dute Amurrioko Udalean ordezkaritza duten LAB, ELA eta ESAN sindikatuek. "Pribatizazioak, lan kargen handitzea, jubilazioengatiko primak kentzea, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsa eta gainerako aldarrikapenak mahai gainean jartzeko unea da", aldarrikatu dute hiru sindikatuek.
Azken grebatik hona mugimendu txikiak egon direla azaldu dute plazaratutako oharrean, eta zenbait negoziazio mahai aktibatzea lortu dela. Orain, EAEko eta Espainiako estatuko aurrekontuak eztabaidatzen ari direla, "bultzada" berri bat emateko unea dela uste du Amurrioko Udaleko langile batzordeak.
"Gogorarazi nahi dugu funtsezkoa dela zerbitzu publikoak eta lan-baldintzak babesten aktiboki parte hartzea aldaketa esanguratsuak eman daitezen, bestela nekez lortuko ditugulako helburuak. Lorpenak gero guztion onurarako izango dira, mobilizazio zein grebetan parte hartzen dutenentzako, zein parte hartzen ez dutenentzako. Beraz, elkartasunez jokatzera animatzen zaituztegu", azpimarratu dute oharrean.