Saratxon eraikiko duten Ekiola Parke Fotovoltaikoari argi berdea eman dio Amurrioko Udalak

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abe. 21a, 16:00

Arabako Foru Aldundiak, Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Taldeak sustatu dute ekimena. / Alea.eus

Amurrioko Udalak onartu du Ekiola Parke Fotovoltaikoaren eraikuntza bideratuko duen Plan Berezia. Urtarrilean hasiko dituzte lanak Saratxo inguruan. Ekoizpen plantak 15.000 metro karratuko azalera izango du eta 2.300 plaka instalatuko dituzte bertan.

Azaroko Amurrioko Udal Osoko bilkurak argi berdea eman zion Ekiola Parke Fotovoltaikoari. Arabako Foru Aldundiak, Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Taldeak sustaturik, 2022ko apirilean aurkeztu zuten eguzki-plaken instalazio bat eskualdean garatzeko egitasmoa. Hainbat proposamen aztertu ostean 2022ko abenduan jarri zuten mahai-gainean instalazioa Saratxo inguruan eraikitzeko aukera.

Proposamenari ez zitzaion aurkako alegaziorik aurkeztu, Amurrioko Udalak azaldu duenez. Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioko, Foru Aldundiko Errepide Zerbitzuko, Nekazaritza Saileko eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko aldeko txosteanak jaso zituen.

2.300 eguzki plaka

Txerra Molinuevo alkateak Plan Bereziaren behin betiko onarpena sinatuta, 2024ko urte hasieran hasiko dituzte planta fotovoltaikoa eraikitzeko lanak. Hain zuzen ere, Aldaiturriaga kalearen amaieran instalatuko dituzte eguzki plakak, Saratxoko bihurguneen gainean.

Guztira 15.000 metro karratuko azalera hartuko du instalazioak. Bertan 2.300 eguzki-plaka instalatzea da asmoa, 1MW potentziakoak.

Instalazioa kudeatuko duen Aiarako Ekiola S. Coop. enpresak hogeita hamar urterako alokatu du lursaila. Vocento taldeak zabaldu duenaren arabera hasierako inbertsioa 1,8 milioi eurokoa izango da, eta %40 Europako Next Generation funtsekin finantzatuko dute. "Ekimen honek Amurrion energia berriztagarria sustatzen laguntzea espero da, ingurumenarekin eta garapen iraunkorrarekin bat eginez", azaldu du Molinuevok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide