Amurrio zein Laudioko Udal Gobernu Taldeetako kideekin batera egin zuen ASASAM elkarteak egoitza berriaren inaugurazioa ostiralean. Lucas Rey kalean dagoen lokalak 160 metro karratu ditu eta buru osasunaren esparruan laguntza behar duten herritarrentzako eremua da.
Jarduerak antolatzeko espazio irekia dauka eta banakako arreta eskaintzeko gelak, baita komun egokituak eta irisgarriak eta sukaldea ere. Aintzat hartu beharra dago Laudioko egoitzan 35 metro karratu baino ez dituztela erabiltzaileen beharrei erantzuteko.
Zentro psikosozial gisa baliatuko dute egoitza, ekintzak eta tailerrak antolatzeko 40 lagun baino gehiagorentzat.
Maria Angeles Arbaizagoitia elkarteko presidenteak salatu du buru osasunean ez dela nahikoa inbertitzen eta borrokan jarraituko dutela beharrezko bitartekoak lortu arte, baina eskerrak eman dizkie Amurrioko Udalari eta Vital Fundazioari, egindako ekarpenagatik.
Argazkiak: ASASAM