2023KO MUGARRIAK

Tren zerbitzua gero eta okerrago Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 4a, 18:16

Bizkaiko aldirikoen tren zerbitzuan milaka gertakari jaso dira 2023an, sindikatuen arabera. / Aiaraldea.eus

Renfe eta Adifeko sindikatuek zein erabiltzaileek duela urteak salatzen dute C-3 lineako zerbitzuak okerrera egin duela. 2023an mugarri berria jarri dute bide horretan.

Pandemiak begien bistan utzi zuen Bilboko aldirikoen tren zerbitzuak okerrera egiten duela dramatikoki, baina erakunde publikoek, esku hartu ordez, zerbitzuaren gainbeheran sakondu dute utzikeriaren bitartez. Adierazpena ez da iritzia, baizik eta neurtu daitekeen errealitatea.

Hain zuzen, enpresako langile erakundeen datuen arabera, 2023ko udan (soilik ekaina eta irailaren artean) 6.230 gertakari jazo ziren Bizkaiko aldirikoen trenetan; Urduña, Muskiz eta Santurtzi hiriburuarekin lotzen duten ibilbideetan, alegia. Zenbakiak ez dira estatistika hutsa eta bidaiariengan eragin ugari izan dituzte, mota anitzekoak, baina beti ezatseginak. Batzuetan trena ez da agertzen, besteetan nabarmen beranduago betetzen du ibilbidea eta ez da ahaztu behar maiz berogailua edota aire egokitua matxuratzen direla eta trenaren bagoiak labe erraldoiak bilakatzen direla.

Gainerako urtaroen informazio zabaldu ez badute ere, arazoak ez dira horren kritikoak izan, agian, baina bai etengabeak, erabiltzaileen amorrua edo apatia eta etsipena biderkatuta. Izan ere, tren batek kale egiteak jende askori ekartzen dio berandu heltzea lanera, medikuarengana edota ikastetxera. 

2023ko udan (soilik ekaina eta irailaren artean) 6.230 gertakari jazo ziren Bizkaiko aldirikoen trenetan; Urduña, Muskiz eta Santurtzi hiriburuarekin lotzen duten ibilbideetan, alegia.

Amaierarik gabeko endekapen horretan, dena den, mugarriak azaldu dira 2023an. Hasteko, hainbat bidaiarik exijitu diote Renferi, sinadura bilketa bidez, asteburuetako gaueko zerbitzuak berreskuratzea. Horrez gain, Urduñako herritarrek ere desabantaila pilo pairatu dituzte. Berez, maiatzean Saratxoko zubian abiatu zituzten lanak eta horrek, lehenik eta behin, tren kopuruen murrizketa ekarri zuen. Zehazki, Bilbotik ateratzen zen azken trena kendu zuten, eta zenbait herritarrek uko egin behar izan zioten garraio publikoko zerbitzua erabiltzeari, gauez etxera itzultzeko aukerarik gabe, autoa hartzera behartuak izan baitziren. Hori gutxi balitz, Renfe eta ADIFen arteko koordinazio arazoak ere egon dira. Abenduan, adibidez, iragarri zuten autobus zerbitzua eskainiko zutela Saratxon egin behar zituzten obren harira, eta gero ez zuten indarrean jarri, lanak bertan behera geratu baitziren data horietan.

Arazo horiek guztiak konpontzeko saiakerak oso eskasak izan dira enpresa publikoen aldetik eta sindikatuek azaleratu dute Renfek "arazo teknikoz" mozorrotzen duena badirela egiturazko gabeziak. Hau da, zehaztasun berezirik gabeko argudio horrek estaltzen dituela administrazioan gertatzen ari diren prozesuak; lanen pribatitzazioa, langile eta funtsezko inbertsioen falta. Behar horiek isla izugarria dute zerbitzuan. Lehenik eta behin, trenak oso zaharrak direlako eta arazoak daudelako konpontzeko. Alde batetik, langile nahikorik ez dagoelako horretarako tailerretan. Bestetik, konponketerako piezak eskuratzea gero eta zailagoa delako, modelo ia obsolotekoak baitira, 30 urtekoak.Horri gehitu behar zaio gidariekin dagoen hutsunea. Azken urteetan, hainbat tren gidarik hartu dute erretiroa Renfen, belaunaldi oso batek agur esan duelako. Hala ere, enpresak ez du behar beste oposizio deitu dauden plazak betetzeko. 

Ondorioz, sei hilero, hau da, promozio berriak eta destino aldaketak erabakitzen direnean, kopuruak behera egin dezake. Horrekin batera, aintzat hartu behar dira oporrak eta gaixotasun bajak, egoera erabat prekarioa sortuta zerbitzuari dagokionez. Azkenik, ezinbestekoa da aipatzea betikotu diren bestelako salaketak. Eskualdean behin eta berriro Maria Luisa Goikoetxeak mahai gainean jarritakoa da irisgarritasuna, aulki gurpilduna duten erabiltzaileek ez dute tresnarik bere kabuz garraio publiko mota hau hartzeko, eta arazoa linea osoan ematen da.

Enpresen politika orokorrei lotuta, bada etsigarria ere trenek harrapatutako herritarren heriotzekin gertatzen dena.

Enpresen politika orokorrei lotuta, bada etsigarria ere trenek harrapatutako herritarren heriotzekin gertatzen dena. Berez, Aiaraldeak aurten elkarrizketatu ditu Raul Fuentes eta Gonzalo Faustman. Euren senideak (ama eta alaba, hurrenez hurren) harrapatu zituen tren batek eta biek esperientzia bera izan dute, istripuen artean urteak igaro badira ere: Renfek eta ADIFek hildakoei leporatzea ezbeharraren errua, enpresen ardura falta eta bizitzak arriskuan ez jartzeko bitartekoen inbertsio falta.

Gauzak horrela, ez ha harritzekoa C-3 linearen zerbitzu tamalgarria Espainiako Senatura heldu izana. Zehazki, Maria Luisa Goikoetxeak EAJren eskutik eraman zuen irisgarritasun faltaren auzia erakunde horretara, berak jasotzen duen tratua ez baitute aulki gurpilduna duten erabiltzaile guztiei zabaldu. Abenduan, aldiz, EH Bilduko senetariek baliatu zuten Senatua lau galdera egiteko Espainiako Gobernuari, argitu zezan zein den benetako erradiografia Urduñako linean eta azaldu zezan zein bitarteko bideratzen ari diren hori guztia konpondu ahal izateko, baldin eta hori egiten ari bada. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide