Arrakastatsua izan zen Amurrio Trail Taldeak iragan abenduaren 22tik 23ra bitartean antolatutako Babio Non-Stop ekimena. Urteroko dinamikari jarraiki, ehunka bizilagun animatu ziren Amurrioko mendi ospetsura igotzera, larunbateko arratsaldeko seietatik igandeko goizeko hamarretara bitartean.
Orain, ekimen solidario horrekin lortutako diruaren berri eman dute antolatzaileek. 6.075 euro bildu zituzten guztira, parte hartzaileek zein herriko merkatariek eginiko dohaintzen bidez; eta, bere unean jakinarazi zuten bezala, Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioari eman diote diru guztia. "Milesker modu batean edo bestean ekimen solidario honetan parte hartu duzuen guztiei. Guztion eskuzabaltasunarekin diru kopuru polita eskuratzea lortu dugu", adierazi dute antolatzaileek sare sozialetan.
