Txirrindularitzaren “pasioa eta motibazioa” Amurrio Antzokiko oholtza gainean, Ainara Hernando, Aritz Arberas, Mikel Landa eta Pello Bilbaoren eskutik

Erredakzioa 2024ko urt. 5a, 20:33

Mahaingurua antolatu zuen Amurrioko Txirrindulari Elkarteak lau kirolariekin. 

Ekitaldia berezia antolatu zuen Amurrioko Txirrindulari Elkarteak iragan ostiralean, urtea agurtzeko. Mahaingurua egin zuten Amurrio Antzokian Mikel Landa eta Pello Bilbao txirrindulariekin eta Aritz Arberas prestatzaile fisikoarekin. Ainara Hernando txirrindulari eta kazetariak egin zituen aurkezle eta moderatzaile lanak, eta “betetako ametsak” izan zituzten hizpide.

Arberas oso pozik atera zen solasalditik, Aiaraldea Komunikabideari aitortu dionez. “Arrakastatsua izan zen. Antzokia ia erabat bete zen, 250 pertsona inguru sartu ziren”, azaldu du Lidl-Trek taldeko prestatzaile fisikoak, “Ainarak oso ondo gidatu zuen solasaldia, eta oso galdera politak egin zizkigun”.

Arberasen hitzetan, bizikleta gainean izandako “lehenbiziko oroitzapenak” izan zituzten hizpide. “Hirurok aipatu genuen gure pasioa zela, asko gozatzen genuela eta oso ondo pasatzen genuela bizikleta gainean”. Aurten dituzten erronka eta helburuen inguruan ere galdetu zieten Bilbao eta Landari, eta baita bizikleta gainean jarraitzeko motibazioen inguruan ere. “Mikelek aipatu zuen gozatzen jarraitzen duela bizikleta gainean. Pellok, aldiz, aitortu zuen gogorra suertatzen zitzaiola, baina bere motibazioa zela geroz eta hobeto egitea”. 

Publikoaren galderak egon ziren jarraian, eta txirrindulari elkarteko kirolari gazteenek hartu zuten hitza orduan. “Oso galdera politak” egin zizkieten, Arberasen aburuz: “Ea zer gosaldu behar den lasterketaren aurretik, ea zein den gure lasterketarik gustukoena… Mikel eta Pellok 'Giroa' erantzun zuten, eta nik, aldiz, 'Tourra'”. 

Hizlariek eramandako materialak zozkatuz amaitu zuten ekitaldia, ordu eta erdiren ostean. 

Argazkiak: Amurrioko Txirrindulari Elkartea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide