Amurrioko kirol azpiegituretako langileek ez dute euskara jakin beharko, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak salatu duenez

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 12a, 15:09

Reforreko kirol gunean jokatutako Quidditch koparen irudi bat. / Aiaraldea.eus

Udal frontoia, Reforreko kirol-gunea eta Mendikoko frontoia kudeatzeko lehiaketa publikoa abiatu zuen Amurrioko Udalak urtarrilaren 5ean eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak salatu du euskararen presentzia bermatzeko baldintzak kendu dituztela pleguetatik. EH Bilduk, bere aldetik, gaineratu du kontratu berriak prekarizazioa sustatzen duela.

Urtarrilaren 5ean argitaratu zuen Amurrioko Udalak udal frontoia, Reforreko kirol-gunea eta Mendikoko frontoia kudeatzeko lehiaketa publikoa. Lehiaketa horren pleguak kritikatu ditu Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, euskararen aurkakoak direla argudiatuta.

Hain zuzen, honakoa adierazi du euskalgintza eragileak: "Duela 7 urte, zerbitzua lizitatzerakoan, langileen %50ak euskaran PL2a egiaztatzeko derrigortasuna ezarri zen pleguetan. Lizitazio berrian, baldintza hori ezabatu egin du Udalak eta langileei ez die inongo hizkuntza eskakizunik ezartzen. Langile horiek herritarrei harrera egiten diete aipatutako kirol instalazioetan, eta hemendik aurrera ez dute zertan euskara jakin beharko. Beraz, ez dira bermatuko erabiltzaileen hizkuntza eskubideak. Erabakia, gainera, Udalaren Euskara Planaren aurkakoa da, Udalak berak eman beharko lukeen zerbitzu bat kanpora ateratzen denean, azpikontratatutako langileei udal langileei lan horietarako ezartzen zaien hizkuntza eskakizun bera ezartzea eskatzen baitu".

"Langile horiek herritarrei harrera egiten diete aipatutako kirol instalazioetan, eta hemendik aurrera ez dute zertan euskara jakin beharko. Beraz, ez dira bermatuko erabiltzaileen hizkuntza eskubideak"

EH Bilduren kritika

EH Bilduk ere plazaratu du pleguen aurkako kritika. Bat egin dut euskalgintza kontseiluak adierazitakoarekin, baina beste afera bat ere azaleratu du, langileen lan baldintzei lotutakoa. Opozisioko taldearen ustez, "langileen baldintzen kontrako erasoa" da lehiaketa. Horrez gain, talde politikoak azpimarratu du egungo enpresarekin epaiketa bat dagoela abian. "Gerta liteke prozesu judizialak kontratua deuseztatzea eta enpresari kalte-ordaina eman behar izatea" ohartarazi du EH Bilduk.

Horren aurrean, koalizioak aldarrikatu du etengabe ematen diren zerbitzuak publiko bilakatu behar direla, espazioen kudeaketa, kontrola eta garbiketa kasu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide