Aritz Arberas LIDL-Trek txirrindularitza taldeak fitxatu du

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 12a, 22:00

Aritz Arberas, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

"Munduko talderik onena izatea da epe luzean dugun erronka" adierazi du amurrioarrak.

Aritz Arberas da LIDL-Trek txirrindularitza taldeko prestatzaile fisiko berria. "Eskalatzaileak entrenatzea izango da nire arduretako bat", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.

Ez da erabaki erraza izan, Pello Bilbao txirrindulariarekin elkarlan luzeko ibilbidea egin baitu azken urteotan. "Gustura nengoen Bahrein Victoriousen eta Pello nire laguna da, baina taldea aldatu dudan bakoitzean profesionalki hobetzea lortu dut eta uste dut hemen arlo profesionalean urratsa egingo dudala".

Aldaketa horretan garrantzitsua izan da Josu Larrazabal orozkoarra eta LIDL-Trek-eko arduraduna. "Aurten LIDL enpresa sartu da proiektuan eta aurrekontua handitu dute. Txirrindulari oso onak eta etorkizun handikoak dituzte eta erronka izango da epe luzean munduko talderik onena izatea, baina ez edozein moduan. Taldeko kideak zaindu behar ditugu", argitu du Arberasek. Momentuz, Giroan, Tourrean eta lasterketa klasikoetan lan ona egitea izango da euren helburua.

Gauzak horrela, aurten Europako txoko ugarira bidaiatzeko beharra izango du amurrioarrak: Teidera joko du entrenatzera eta gero baita Portugalera, Italiara eta Frantziako Tourrera ere, lehiatzera. Horrez gain, barne mailako lan ugari izango du, errendimendu azterketak egiten.

Urrats berria

Atzera begira, Arberasek espero du bere gaitasun profesionalak hobetzea esperientzia berri honekin, orain arte egin bezala: "Astanara ideia berriak eraman nituen eta batzuek funtzionatu zuten. Bahreinen, aldiz, errendimendua muturrera eramaten eta lasterketetan alde txikienak ere lantzen ikasi nuen. Momentuz, bertako prozesuak eta kideak ezagutzen ari naiz LIDL-Trek taldean".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide