ARGAZKIAK ETA KRONIKA

Aiaraldeko txirrindularien garaipenak borobildu du Amurrioko ziklo-kros asteburua

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko urt. 15a, 10:51

Aiaraldearren izen propioekin jantzi da Amurrion jokatutako Espainiako Ziklo-kros Txapelketako podiuma: Hodei Muñoz, David Hidalgo eta Iñaki Carro, besteak beste. Antolakuntza lanetan aritu den Kuskumendi Bizikleta Taldea oso pozik azaldu da txapelketaren emaitzarekin.

Txirrindularitza zaletuek Amurrioko El Refor kirolgunera begira igaro dute asteburua. Izan ere Espainiako Ziklo-kros Txapelketa jokatu da bertan, ostiral arratsaldean hasita eta igandera arte. Guztira 800 parte hartzaile baino gehiago bildu ditu kirol probak, eta ehunka izan dira asteburu osoan zehar lasterketak ikusi eta txirrindulariak animatzera bertaratu diren zaleak.

Amurrioko Kuskimendi Mendi Bizikleta Taldeak izan du kirol-ekitaldia antolatzeko ardura. Zirkuitu ikusgarria prestatu dute El Refor inguruan eta asteburuko balorazio oso positiboa egin dute. "Jendetza etorri da. Kirolariak oso pozik daude zirkuituarekin, asko disfrutatu dute. Oso pozik gaude", adierazi dio Iñaki Pinedo Kuskumendi Bizikleta Taldeko kideak Aiaraldea Komunikabideari. Pinedok boluntarioek egindako lana eskertu eta baloratu du ere: "Boluntario pila etorri dira Aiaraldeko gainerako herrietatik ere; Laudiotik, Aiaratik..."

Aiaraldearrak izar

Zirkuituak, lokatzak eta ikusleek giro bikaina jarri diote Espainiako Txapelketari, baina asteburua borobildu duena eskualdeko kirolarien emaitza onak izan dira. Hainbat izan dira podiuma zapaldu duten tokiko txirrindulariak.

Hodei Muñoz Espainiako Txapelduna izateaz gain Euskadiko Txapeldun izendatu zen duela astebete Abadiñon, eta Espainiako Kopa ere irabazi zuen

Hodei Muñozen garaipena izan da nabarmenduenetako bat. Luiandoarra hasieratik jarri zen lasterketa buruan eta azkenengo kilometroak bakarrik egin zituen. Gazte kategoriako bigarren urtea du aurtengoa Muñozek, eta zkilokros denresizedboraldi bikaina egiten ari da. Espainiako Txapelduna izateaz gain Euskadiko Txapeldun izendatu zen duela astebete Abadiñon, eta Espainiako Kopa ere irabazi zuen. Etorkizun oparoa du aurretik gazte aiararrak.

Kategoria berdinean Iñigo Uria 10. postuan geratu zen, Erlantz Aldai 21. postuan, Oier Colmenero 22. eta, azkenik, Asier Beraza 28. sailkatu zen.

Emaitzarik oparoenak, ordea, Master 30 kategorian erdietsi zituzten Aiaraldeko kirolariek. David Hidalgo eta Iñaki Carro izan ziren M30 A eta M30 B kategorietako txapeldunak, hurrenez hurren. Andoni Etxebarria M30 B kategoriako podiumeko bigarren postura igo zen. Bestalde, Gaizka Pujana hirugarren izan zen M40 A mailan, eta Javi Santos laugarren M50 kategorian.

Aiarako kadeteak

Aiara Txirrindularitza Elkarteko kadeteek ez zuten hain emaitza onik lortu etxean jokatutako Espainiako Txapelketan. Markarik positiboena Mirari Gotxi Olartekoetxeak erdietsi zuen lasterketa zortzigarren postuan amaitu ostean.

"Guretzat asteburu zaila izan da. Presio handia hain jende gaztearentzat. Urduritasuna gailendu egin da hainbatetan. Ez zaigu nahiko genukeen bezain ondo atera, baina ziur etorkizunerako irakaspen izango dela. Zalantzarik gabe, bakoitzak ahal izan duen onena eskaini du. Eta gozatu ere egin dute. Beraz, helburua bete da", adierazi dute sare sozialetan taldeko kideek.

Elite mailako ikuskizuna asteburua ixteko

Igandean agurtu zuten kirol-hitzordua Elite mailako lasterketekin. Emakumezkoen 23 urte azpiko lasterketa ere jokatu zen, eta, bertan, Lukene Trujillano Kuskumendiko kidea izan zen tokiko ordezkari. Lasterketa bizia izan zen , lokatzak eta euriak markatutakoa, Trujillanok 21 postuan gurutzatu zuen helmuga lerroa.

Elite mailako lasterketek sorpresa gutxi utzi zituzten. Espero bezala Felipe Orts katalana izan zen gizonezkoen kategorian txapelduna, alde nabarmenarekin gainera, eta seigarren aldiz jarraian lortu zuen Espainiako txapeldun izatea. Emakumezkoen kategorian ere aise irabazi zuen Lucia Gonzalezek, lasterketa bikaina egin ondoren.

Argazkiak: Espainiako Txirrindularitza Federazioa, Chris Gomez eta Aimar Gutierrez

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide