Urtero bezala, Hezkuntza Jardunaldien edizio berri bat antolatu du Aresketa Ikastolak. Aurtengoa ekimenaren XIII. edizioa izango da, eta urtarrilaren 22tik 26ra luzatuko dira jarduerak, hainbat adituren parte-hartzearekin. Hitzaldi guztiak Amurrioko Katekesi Aretoan izango dira, 19:00etatik aurrera.
Astelehenean Aresketa Foro Pedagogikoak irekiko ditu jardunaldiak. Haurren emozioak izango ditu hizpide Amurrioko Ikastolako profesional taldeak. "Kudeaketa emozionalean aurrerapausoak" emateko etxean landu beharreko tresnak aztertuko dituzte, "oreka eta ongizatearen ardatzak sendotzea helburu".
Urtarrilaren 23an Lorena Benito egongo da Katekesi Aretoan. Osasun psikologoa da Benito, eta familia-terapian aditua. Hain zuzen ere, familia harreman osasuntsu baten ardatzak zeintzuk diren aletuko ditu bere hitzartzean. Nerabezarora iristean sortzen diren aldaketen inguruan hausnartuko du bereziki.
Hurrengo egunean —urtarrilak 24— Alvaro Beñaran pedagogo teraupetikoak eta psikomotrizitate hezitzaileak haurrak osasuntsu eta autonomo hazteko gakoak eskainiko ditu.
Urtarrilaren 25ean Autismoaren Espektro Nahasmenduei buruz hausnartuko dute. Horretarako, Alberto Lasa psikiatra eta psikoanalista gonbidatu dute Aresketa Ikastolaren jardunaldietara. Lasa EHUko irakaslea da eta haur eta nerabeen osasuna izan du aztergai.
Azkenik, jardunaldiei amaiera emateko, Begoña Ibarrola psikologo eta idazleak "irakurketaren magia" aldarrikatuko du. Irakurketak emozioen gainean kontzientzia hartzeko duen balioa izango du hizpide urtarrilaren 26ko hitzaldian.