Amurrioko Udalean ordezkaritza duten LAB, ELA eta ESAN sindikatuek eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak adierazpen publikoak egin dituzte tokiko erakundeari eskatzeko lizitazio berria egitea udal kirol guneen kontrol, kudeaketa eta garbiketarako.
Izan ere, langile erakundeak eta azpikontratek bilerak egin dituzte eta hurrengoa salatu dute: "Amurrioko Udalak alkatetzaren dekretu bidez, aipatutako kirol instalazio horien kontrol, mantenu eta garbiketa lanak egiteko soilik 6 hilabeterako kontratazio prozedura bat argitaratu du".
Plegu horietan zehazten diren kontuetatik hauek dira larrienak, sindikatuen eta kontseiluaren ustez:
- Lanean arituko lirateken langileei euskararen inolako ezagutzarik ez eskatzea (azken kontratazioko pleguetan 2HE eskatzen zitzaien gutxienez langileen erdiari eta uneoro euskaldun bat egotea jendea euskaraz artatzeko) eta soilik idatzizko mezuak jartzea elebitan.
- Enpresek eskainiko duten zerbitzua baloratzeko puntuen %75 prezioa merketzeari esleituko zaio, eta beste %20 langileek doako lan orduak eskaintzeari (gainerako %5, aldiz berdintasun irizpideei).
Autonomo faltsuak?
Horrez gain, sindikatuek azpimarratu dute azpiegitura horietako langileek Udala salatu dutela, euren ustez, autonomo faltsuak direlako. Otsailean bi aldeen arteko akordioa lortzeko epea amaituko dela aintzat hartuta, langile erakundeen iritzia da zuhurragoa litzatekela itxarotea eta egungo kontratua luzatzea, bada ez bada.
"Zergatik hau orain? Ez al da izango bertako langileen ustez eurei dagokien eskubide bat epaitegietara eramateagatiko zigor bat eta bide hori jorratzea inoiz pentsatu dutenentzako abisua? Komiteak uste du epaileak langile hauei arrazoia emanez gero, Udalean badirela autonomo bezala kontratatutako beste zerbitzu batzuk egoera berdinean egon daitezkeenak", adierazi dute LABek, ELAk eta ESANek.
Euskaradunen eskubideak
Euskararena da sindikatuek zein Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak nabarmendu duten beste arrazoietako bat prozesua bertan behera uzteko.
Hain zuzen, biek argudiatu dute kirol azpiegituren erabiltzaile euskaradunen eskubideak ez direla bermatuko. Gaur egun indarrean dagoen kontratuan, aldiz, jasotzen da beti egon behar dela langile euskaradun bat.
Gainera, langile erakundeek eta Kontseiluak ziurtatu dute lizitazioaren ezaugarriak Amurrioko Udalaren Euskara Planaren kontrakoak direla.
Udalaren konpromisoa egoera zuzentzeko
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak azaldu du bere prentsa oharrean Arantzazu Saratxaga euskara zinegotziak konpromisoa hartu zuela bilera batean hurrengo esleipenean euskaradunen eskubideak aintzat hartzeko.
Ordea, euskalgintzako eragileak uste du hori ez dela nahikoa, eta aipatu dute kontratua sei hilabeterako izanda ere, legez luzatu daitekeela.
Beste argudio hauek ere eman ditu Kontseiluak: "Bigarrenik, hizkuntza eskubideen alorrean salbuespenak egitea ez delako bidea euskararen normalizazioa lortzeko, herritarron eskubideak sakrifikatuz gainera. Hirugarrena, bide bat irekitzen delako hizkuntza eskakizunak baztertzeko, epaileen oldarraldiaren aurrean herritarrak mobilizatzen ari diren testuinguru batean gainera. Bosgarrena, gure hizkuntza eta euskal hiztunak ezin garelako beti azkenak izan beste behar batzuen aitzakipean. Seigarrena, harrera lanak egingo dituzten langileez ari gara eta artatu beharko duten publikoaren gehiengo bat herriko ume eta gazteek osatzen dute, D ereduan hezitakoak eta euskaldunak. Eta zazpigarrena, udalak bere buruari ezarritako araudi bat betetzen ez duenean, Euskara Plana kasu, zertan geratzen da araudi horren indarra eta balioa?".