Amurrioko EH Bilduk prentsa oharra zabaldu du jakinarazteko ez duela udal gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontuen alde bozkatuko. Hain zuzen, Jon Berganza bozeramaile duen taldeak adierazi du EAJk eta PSE-EEk ez dituztela eurek eginiko bi ekarpenak kontuan hartu.
Zehazki, koalizioak proposatu zuen Euskara Saila indartzea lanaldi osoko teknikaria kontratatuta eta lanpostuen balorazioa ere egitea, "azken antolaketa-aldaketek beharrezko egiten baitute jakitea zein den langile bakoitzaren zeregina".
EH Bilduk honakoa azaldu du: "Bi proposamen horiek 80.000 euroko balioa dute, aurrekontu osoaren % 0,3 baino gutxiago".
Bestalde, koalizioak azpimarratu du deigarria iruditu zaiola "aurrekontuan jasotako partida asko EH Bildu udal taldearen ekimenetan oinarrituta daudela. Hala ere, historiako aurrekonturik handiena izan arren, ia aurrekontu osoa konprometituta dago, EAJren inbertsio politikaren ondorioz: Inbertsio handien eta ezinbestekotzat jotzen ditugun partiden artean, ez dago nondik atera gutxieneko diru-kopuru aipagarri bat".