Cuatro Bancos taldea Viñarock jaialdiko aurtengo edizioan jotzeko lehiaketan parte hartzen ari da modu arrakastatsuan

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 31a, 10:08

Cuatro Bancos taldea zuzenean./ Aiaraldea

Viñarock jaialdi ospetsuko antolatzaileek bigarren aldiz antolatu dute lehiaketa talde berriek kontzertua eman dezaten eta Cuatro Bancos bederatzigarren da sailkapenean, momentuz.

Cuatro Bancos Amurrioko musika taldeak aukera guztiak ditu Viñarock jaialdiak abian duen lehiaketako hurrengo fasera igarotzeko. Izan ere, antolatzaileek bigarren aldiz deitu dute lehiaketa talde berriak kartelean txertatzeko eta amurrioarrak bederatzigarrenak dira 418 bozekin. Oraindik bozkatzeko aukera dago.

Bozka gehien jasotzen dituzten lehenengo hogei taldeak bigarren fasera igaro eta epaimahairen mende geratuko dira. Adituek bi hautatuko dituzte oholtzara igo daitezen aurtengo Viñarocken, 30 minutuko kontzertua eskaintzeko. 500 euro ordainduko dizkie antolakuntzak eta bi gonbidapen ere izango ditu taldekide bakoitzak.

Horrez gain, Villarobledoko jaietan ere emanaldia izango dute irabazleek eta 500 euro jasoko lituzkete zuzeneko horren truke.

Jaialdia maiatzaren 2tik 4ra bitartean izango da Villarobledon eta Lendakaris Muertos, Soziedad Alkoholika, The Baboon Show, Zea Mays, Green Valley edota Sho Hai taldeek joko dute, adibidez.

Ametsa

Cuatro Bancoseko kideek azaldu dute Viñarock jaialdian jotzea ametsa betetzea izango litzatekela eurentzat: "Nolabaiteko bultzada izango genukeela uste dugu, eta, batez ere, guretzat musika talde handiekin oholtza partekatzea ohore bat delako". 

Talde amurrioarra bost gaztek osatzen dute eta hip hop musika dute ardatz, bestelako generoekin uztartuta -rock edo metal, adibidez-. Jadanik bi EP argitaratu dituzte eta laster abesti berriak zabaltzea espero dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide