AMURRIOKO KINTOAK

"Guk antolatzen dugu, baina herri osoaren jaia da kintoena"

Txabi Alvarado Bañares 2024ko ots. 8a, 12:02

ANE SAENZ LANDIBAR eta SENDOA CHARTE BAREA (Amurrio, 2006) dira aurtengo Amurrioko Kintoetako bi. Orain arte egin dituzten ekimenen eta otsailaren 16rako prestatu duten jaiaren inguruan mintzatu dira.

Aurten zuei egokitu zaizue Amurrioko Kintoak izatea. Zer da egingo duzuena hurrengo egunetan?

Sendoa Charte Barea: Igandean meza izan genuen, eta elizaren barruan abestu genuen. Ondoren, gure kuadrillekin batu ginen auzoetatik kantatu eta dirua jasotzeko.

Ane Saenz Landibar: Taldeka edo kuadrillatan bildu ginen eta goiz osoa eman genuen abesten inguruko zonaldeetatik. Eguerdian bakoitzak bere kabuz abestu genuen...

S.C.B.: Eta gero, arratsaldeko zortzietan, guztiak batu ginen San Antonen, elkarrekin abesteko.

Kintoen jaia era antolatu duzue otsailaren 16rako.

S.C.B.: Bai. Fabriketara eta eskoletara joko dugu lehenbizi.

A.S.L.: Gero, eguerdian, bazkaria egingo dugu kinto guztiek batera, eta arratsaldean festa hasiko da. Elektrotxaranga egongo da lehenbizi, eta gero Zutik erromeria eta DJ Flexi. Ondoren, gaueko hamabietan, denon batera abestuko dugu berriz ere, Herriko plazan.

Zenbat kinto zarete aurten? Nola hasi zineten antolatzen?

S.C.B.: 121 gara guztira. Hasiera apur bat kaotikoa izan zen. Gutako batzuk udaletxera joan ginen zer eta nola egin galdetzera. Marcosekin hitz egin zuten eta abenduaren 15ean hasi ginen entseguekin. Ostiraletan egiten ditugu, Zabaleko Eskolako frontoian, 20:30etatik 22:00ak arte.

A.S.L.: Marcosekin egiten ditugu entseguak, berari eskertu behar diogu gurekin ematen duen denbora eskaintzea.

Nor da Marcos?

A.S.L.: Izoriako gizon bat da. Berak hartu zuen Kintoekin entseguak egiteko ardura. Beraren eskutik ikasi ditugu kanten erritmoak eta letrak.

S.C.B.: Urte pilo daramatza horretan.

A.S.L.: Bai, jada 20 urte daramatza hori egiten boluntarioki.

S.C.B.: Bere laguntzari esker gaude gaur hemen.

"Txikiak ginenean kintoan etortzen zirenean sekulako festa sortzen zen, ilusio handia sortzen zigun, eta aurten gu arituko gara horretan, oso ederra da"

Nola egiten ari zarete jaia eta gainontzeko gauzak antolatzeko?

S.C.B.: Kuadrilla bakoitzak ardura bat hartu zuen, dena hain kaotikoa izan ez zedin. Gure kuadrillan, adibidez, pegatinen kontua kudeatu dugu.

A.S.L.: Guk fabriketara eraman beharreko gutunak bideratu ditugu. Talde bakoitzeko 2 ordezkari hautatu genituen, eta ordezkarien artean ari gara guztia antolatzen.

S.C.B.: Bai, bestela zaila delako 121 pertsonen artean antolatzea. Baina ondo moldatu gara azkenean.

A.S.L.: Badaude baita guztion artean erabaki ditugu gauzak, musikari lotutakoak, adibidez; denon iritzia kontuan izateko. Pegatinen ardura ere kinto guztien artea zozketatu genuen... denok lagundu dugu hau lortzeko.

Kintoen jaia zerbitzu militarrera lotuta egon zen jatorrian, baina aspaldi aldatu zen hori. Zuentzat, zertan datza kinto izatea? Zer du berezi ospakizunak?

A.S.L.: Gu harro gaude kintoak izateaz. Galdu du zerbitzu militarrarekin zuen lotura...

S.C.B.: Lehen bakarrik mutilak ziren kinto, eta orain neskak ere badaude eta taldeak askoz handiagoak dira.

A.S.L.: Ilusio handiz egiten dugun festa bat da. Guk antolatzen dugu, baina herriko festa bat da, guztiok ondo pasatzeko. Bada pixka bat heldutasunerako pauso bat. Txikitan ikusten genuen kintoek eskoletan pegatinak banatzen zituztela eta oso ondo pasatzen zutela. Ilusioz bizi dugu.

S.C.B.: Niretzat kintoak aurten badira oso garrantzitsuak. Nik daukadan makila genetikoa da: nire aitonak eraman zuen txikitan, eta orain nik eramatea sekulakoa da. Txikiak ginenean kintoan etortzen zirenean sekulako festa sortzen zen, ilusio handia sortzen zigun, eta aurten gu arituko gara horretan, oso ederra da.

Zer espero duzue zuek jai honetatik?

A.S.L.: Gure adineko guztiekin egoteko egun bat izatea nahi dugu. Normalean ez dugu guztiak batera egoteko aukerarik. Batzuetan beste herri batera goaz ikastera eta kintoetan itzultzen gara herrira eta txikitatik zurekin egon ziren pertsonekin egiten duzu topo, leku berean, bazkari berean jaten eta ondo pasatzen. Lagunekin egoteko eguna da.

S.C.B.: Eskerrak eman nahi dizkiegu Gaztetxeko kideei igandean espazioa uzteagatik festa egiteko.

A.S.L.: Jai eguna zenez arazoa arazoak genituen tabernak topatzeko, eta Gaztetxekoak oso ondo portatu dira gurekin.

Nola luzatuko zenukete Kintoen Jaian parte hartzeko gonbita?

S.C.B: Gure festa da, gure 18 urteak dira... baina egun hau oso garrantzitsua da herriarentzat. Jende gehienak gogoz espero du egun hau, gu abesten ikusteko.

Beste kintetako jendeak ere baliatzen du egun hori biltzeko. Uste duzue zuek ere elkarrekin biltzen jarraituko duzuela hurrengo urteetan?

A.S.L.: Hori da asmoa.

S.C.B: Orain arte ez gara bildu, batzuk bizitza kanpoan egiten dugulako, baina saiatuko gara hori egiten.

A.S.L.: Azken bi urteetan batzuk Laudiora edo beste herri batzuetara joan gara Batxilergoa egitera, eta gogoak ditugu gure herriko festa hau ospatzeko, guztiok elkarlanean: Marcosekin, Gaztetxekoekin, beste kintetako kideekin... ilusioz beteriko festa da, eta ez galtzea espero dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide