Langileei iaztik aurtengo otsailera arte ezarritako lanaldi murrizketa denboran luzatzeko asmoa du Tubos Reunidosek. Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espediente berria aurkeztu du Amurrion finkatutako multinazionalak, eta ostiral honetan izango da kontsulta aldiko lehen bilera.
Hala jakinarazi du ELAk ohar baten bidez. Sindikatuaren aburuz, enpresak "orain arteko estrategiari" eutsi nahi dio, mota horretako espedienteak baliatuta "langileen baldintzak ahultzeko, eta etekinak maximizatzeko".
Sindikatuak nabarmendu du Tubos Reunidosek 54,5 milioiko irabazi garbia izan zuela 2023ko lehen sehilekoan, "iazko aldi berean baino 52 milioi gehiago", eta oraindik argitaratzeke dituztela iazko emaitza ekonomiko osoak. Gauzak hala, "galerak sozializatu eta etenkinak pribatizatzea" leporatu diote enpresari.
Horren aurrean, ELAk gogorarazi du helegitea jarri ziola aurreko espedienteari, eta Gasteizko lan arloko epaitegiaren ebazpenaren zain dagoela. "ELAk konpromisoa hartzen du ABEE berri honetan Tubos Reunidos enpresako langileen interesak defendatzeko eta enpresaren zikoizkeria salatzeko".