1984. urtean, Zuatzako jaietan, lehendabiziko aldiz atera ziren plazara Aiara Dantza Taldeko kideak. Geroztik berrogei urteko ibilbide oparoa egin du dantza taldeak, eta ehunka izan dira bertatik igarotako dantzariak.
Tradizioei eusteko ahaleginean, belaunaldiz belaunaldi jasotako ezaguzta mimoz gorde dute, eta, oraindik ere, lekukoa urte luzez aurrera eramateko indarra mantentzen du taldeak.
Tradizioei eusteko ahaleginean, belaunaldiz belaunaldi jasotako ezaguzta mimoz gorde dute taldean
Hastapenak
Amurrion aurretik egondako dantza taldeek utzitako hutsunea betetzeko asmoz sortu zuen guraso talde batek Aiara Dantza Taldea 1984an; euskal dantzen eta euskararen transmisioa ardatz harturik.
Santutxuko dantza taldetik etorritako Edorta Ialdaberek eta Isabel Sanchezek hartu zuten dantza eskolen gidaritza. Kultur Etxean ekin zioten entseatzeari, eta hasieran 30 lagun inguru biltzen ziren arren, ahoz aho azkar zabaldu zen taldearen berri Amurruion eta egunez egun handituz joan zen partaide kopurua.
Hamar urte igaro ziren horrela harik eta Ialdaberek eta Sanchezek lekukoa dantza taldean hazitako gazte eta gurasoei pasa zieten arte.
1994an, beraz, taldearen lehenengo inflexio puntua gertatu zen; irakasleen faltan taldeko dantzari habilenek hartu zuten gidaritza eta teknika hobetuz eta finduz joan ziren. Taldeak berak bere jarduna ere handitu egin zuen: “Dantza Federaziora batu eta beste dantza talde batzuekin trukeak egiten hasi ginen”, gogoratu du Juan Mari Iglesiasek.
Mimoa jantzigintzan
Aiara Dantza Taldearen ikuskizunen bat ikustera joan den edonork igarriko zuen taularatzeari jartzen diote mimoa. Ezer ez da ausaz gertatzen, eta euskal dantzen folklore zabalaren barruan jantziek garrantzi berezia dute.
Tokian tokiko dantzen detaile guztiak biltzeak ikerketa lan sakona suposatu du Aiara Dantza Taldeko kideentzat, eta, askotan, dokumentazio lan horrek harremanetan jarri izan ditu beste dantza talde batzuekin
Hain zuzen ere, 1990eko hamarkada hasierarekin batera identifikatu du Mari Carmen Rabadek jantzietan jauzia: “Jantziak aldatu egin genituen 1990eko hamarkadan. Neskak, esaterako, motadun gona beltzen ordez koloredunak erabiltzen hasi ziren”. Jantzigintza prozesu horretan taldeko gurasoek zeresan handia izan zuten. Izan ere, burubelarri aritu ziren jantzi berri guztiak diseinatzen.
Baina sakonagora jota ere, Aiara Dantza Taldeak kariño handia jarri izan dio tokian tokiko dantzen folklorea errespetatzeari. “Euskal Herriko dantza tradizional bakoitzak bere jantzi propioa dauka. Ez dira berdinak Zuberoan erabiltzen dituztenak, edota Nafarroako beste tokiren batean erabiltzen dituztenak. Dantzak desberdinak diren bezala jantziak ere bai”, azaldu du Marina Iturratek.
Tokian tokiko dantzen detaile guztiak biltzeak ikerketa lan sakona suposatu du Aiara Dantza Taldeko kideentzat, eta askotan, dokumentazio lan horrek harremanetan jarri izan ditu beste dantza talde batzuekin. “Askotan oso detailera jotzen dugula diote, baina guk ahalik eta zehatzenak nahi dugu izan”, adierazi du Itxaso Bellidok.
Horrek guztiak euskal jantzi tradizionalen stock izugarria pilatzera eraman du taldea. “Jantzi historikoak ditugu gordeta”.
Zuzeneko musika
Jantziek bakarrik ez, musikak ere zentralitate berezia du Aiara Dantza Taldearen emanaldietan. “Beti dantzatu izan dugu zuzeneko musikarekin. Egia da guk zorte hori izan dugula. Beste talde asko kasete bat jarrita ateratzen dira plazara, ahal dutena egitera”, nabarmendu du Bellidok.
Izan txistua eta danbolina herri txikietako emanaldietan edo Ruben Isasik eta konpainiak osatutako euskal musika tresna tradizionalen kontzertua Amurrioko Jaietako dantzaldian, Aiara Dantza Taldeko kideek ez dute ukatzen “luxua” dela taldeak zuzeneko musikarekin dantzatzeko duen aukera.
Emanaldietan bakarrik ez, entseguetan ere zuzeneko musika darabilte. “Zortea dugu gure txistularia, Juan Mari, dantzari izandakoa ere badelako, eta oso ondo ezagutzen gaitu”, goraipatu du Rabadek. "Konexio berezia sortzen da txistulariaren eta dantzarien arten, asko laguntzen gaitu okertzen garenean ere aurrera egiten”.
Herrian dantzan
Urtean zehar dozenaka ekintza antolatzen ditu taldeak, betiere euskal dantzak erdigunean jartzeko helburuarekin. Udaberrian ospatzen den Euskal Jaia, Amurrioko Jaietako emanaldia edota San Rokeko aurresku, fandango eta arin-arin txapelketa dira agendan inoiz falta ez diren ekimenak, besteak beste.
“Urte hauetan guzteitan ez dugu galdu herriz herri ibiltzeko eta emanaldi desberdinak prestatzeko ohitura”
Aiarako herrietan ere dantzan izaten dira maiz, bereziki udako jaien maratoiaren barruan. “Aiarako herri guztiak Aiara Dantza Taldeari esker ezagutu nituen”, azaldu du Mari Carmen Rabadek. Herri txikiekiko lotura hori 25. urteurrenean estutu zuten gehiago, Aiarako 24 herrietan dantza egin zuten urte hartan.
“Urte hauetan guztietan ez dugu galdu herriz herri ibiltzeko eta emanaldi desberdinak prestatzeko ohitura”, azaldu du Bellidok.
Taldearen etengabeko berrikuntzan, Amurrio Antzokian ikuskizunak prestatzera eman zuten jauzia 30. urteurrenarekin batera. Geroztik asko izan dira bertan taularatutako emanaldiak: Pauso doinuak, Nahas-jolas Bat, Nahas-jolas Bi…
Eskualdetik kanpora ere eraman dituzte dantza pausoak, eta hainbat herritako Dantzari Egunetan izan dira, Donibane Lohitzunen eta Tolosan, esaterako.
Danzta baino gehiago
Azken urteetan ahalegin berezia egiten ari dira, euskal dantzetatik harago Aiara Dantza Taldea “familia” bat dela irudikatzeko, eta bereziki belaunaldi berriekin egiten ari dira lanketa. “Duela urte batzuk erabaki genuen Aiara Dantza Taldera hurbiltzen ziren gaztetxoek ez zutela taldea dantza entseguekin lotu behar soilik. Hori dela eta, aisialdi ekintza ugari antolatzen ditugu ikasturtean zehar. Udako kanpalekuak egiten ditugu, irteerak prestatu...”, zerrendatu du Bellidok.
Talde eta elkarte guztiak bezala, boladaka ibili dira berrogei urte luze hauetan Aiara Dantza Taldean ere. Gaur gaurkoz 150 partaide inguru dira taldean, eta azken urteetan nahiko orekatuta mantendu dute kopuru hori
Gainditu beharreko ikasgaia
Talde eta elkarte guztiak bezala, boladaka ibili dira berrogei urte luze hauetan Aiara Dantza Taldean ere. Gaur gaurkoz 150 partaide inguru dira taldean, eta azken urteetan nahiko orekatuta mantendu dute kopuru hori. Halaber, badute oraindik gainditu beharreko irakasgai bat: mutilen presentzia taldean areagotzea.
Juan Mari Iglesiasek ondo gogoratzen ditu taldearen lehenengo urteak, non mutilak neskak baino nabarmen gehiago ziren. “Garai hartan folklorea nagusiki mutilen kontua zela uste zen, eta askoz gehiago ginen taldean. Gure kasuan zortzi lagunen dantzetan, esaterako, deskarteak egin behar izaten genituen, ezin baikenuen mutil guztiok batera dantzatu”.
Egoera oso bestelakoa da orain, eta taldean neskak dira nagusi. “Mutilak lotsatu egiten dira. Erreferenteak behar dituzte. Aurten mutil bat apuntatu da, iazko Euskal Jaian etorri ziren Iruñeko Dantzarien eredua jarraitzeagatik. Horrelako gehiago behar ditugu”, ondorioztatu du Iturratek.
40. urteurrena
Edonola ere, indartsu ekin diote taldearen 40. urteurrenari. Ekintza mordoa prestatu dituzte 2024an taldearen urtebetetzea ospatzeko. “Gure asmoa hilabetero ekintzaren bat prestatzea da, herritarrek ez dezaten urte osoan ahaztu Aiara Dantza Taldearen urteurrena dela”, azaldu du Itxaso Bellidok.
Maiatzaren 18an dantzaldi-omenaldi berezia egingo dute lau hamarkada hauetan taldetik igaro diren partaide guztiekin
Arestian aipatutako jantzi-tradizionalen bilduma erraldoiaren erakusketarekin hasi zuten urtea. Urtarrilean La Casonan egon dira ikusgai taldearen altxortegiko jantziak eta erakusketak oso harrera ona izan duela nabarmendu dute. Inauterien testuinguruan, aldiz, aspaldi egiten zuten kalejira berreskuratuko dute. Martxoan Korrontzirekin batera emanaldia eskainiko dute Amurrio Antzokian, eta hori izango da urteurreneko lehenengo mugarri garrantzitsua. “Oso urduri gaude, baina gogotsu. Oso argi genuen Korrontzirekin nahi genuela dantzatu 40. urteurrenean. Baina lan handia da, konpromiso handia hartu dugu eta urduritzen hasiak gara. Ez dira dantza tradizional soilak, koreografiak dira euskal dantzen pausoekin, baina oso exijenteak”, azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari. Emanaldia martxoaren 2an izango da, eta aurki jarriko dituzte sarrerak salgai.
Maiatzaren 18an egingo dute urteurrenaren baitako hurrengo ekimen berezia, Euskal Jaiarekin batera. Egun horretan dantzaldi-omenaldi berezia egingo dute lau hamarkada hauetan taldetik igaro diren partaide guztiekin. Hori dela eta, dantzari-ohi, laguntzaile edota jostun izandakoen bila ari dira. Urteak aurrera egin ahala emanaldi gehiago prestatuko dituzte, hala nola, Amurrioko jaietako urteroko dantzaldia. Sorpresa gehiago dituzte esku artean urteurrena borobiltzeko, baina aurrerago emango dute horien berri. Behin 40. urteurrena igarota, Aiaraldeko plazak dantzaz betetzen jarraituko du Aiara Dantza Taldeak, aunitz urtez!