Kultur eta sormen ekosistemaren mapa osatzeari ekingo dio Amurrioko Udalak

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ots. 15a, 07:00

Amurrioko udalbatza aretoan aurkeztu zuten atzo ekimena. / Aiaraldea.eus

Amurrioko kultura eta sorkuntza arloetako eragileak identifikatu eta saretu nahi ditu Udalak, eta "sorkuntza ekosistemaren mapa" osatzeari ekingo dio horretarako. Martxoan lan-saioak egingo dituzte eragile kulturalekin.

Amurrioko kultur eta sormen ekosistema aztertu eta saretuko du Amurrioko Udalak. Amurrioko Kultur Plan Estrategikoaren barruan txertatuko dute ekimena, "artisten, sortzaileen eta kultur-erakundeen parte-hartzea sustatzea" helburu.

2021ean onartu zen Kultur Plan Estrategikoa eta Udalak mugarritzat jo du dokumentua. "Erreferentzia markoa definituta, herriko industria kulturala osatzen duten agenteak nortzuk diren eta non dauden identifikatzea" du erronkatzat Udaleko Kultur Sailak.

Aurkeztutako ekimen berri honen bitartez, sektoreari ikusgarritasuna ematea da tokiko erakundearen asmoa, baita hausnarketa estrategikorako datuak biltzea ere.

Conexiones Improbablesekin lankidetza

Proiektua garatzeko, Conexiones Improbables-ekin lankidetzan arituko da Udala, "ekonomia sortzailean" espezializatutako Arabako aholkularitza enpresa. Sorkuntza ekosistemaren mapa osatzeko 'Kultursistema' plataforma digitala baliatuko dute, eta horren gainean osatuko dute udalerriko mapa propioa.

"Baliabide hori Udalaren webgunean txertatuta egongo da, eta herritarrentzako kontsultarako eta harremanetarako tresna gisa balioko du, kultur-eragileekin aniztasuna erakutsiz, eremu publikoan zein pribatuan eta sozialean", azaldu zuten atzo aurkezpenean.

Saio irekiak

Kultursistema plataformarekin ez dituzte kulturgileak soilik identifikatu nahi, haiekin lan ere egin nahi dute. Bi lan-saio programatu dituzte horretarako. Martxoaren 7an saio telematikoa egingo dute Zoom plataformaren bidez, 18:00etan. Martxoaren 12an, aldiz, aurrez aurreko saioa izango da, Reforren.

Parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du esteka honetan. Beste bi bide daude lan-saioetan izena emateko: hola@kultursistema.com helbidera mezu elektronikoa bidaltzea edo 673 608 790 telefonora deitzea.

Udaleko Kultura Sailak gonbidapena luzatu die herriko sormen eta kultura arloetako pertsona eta erakunde guztiei ekimenean parte hartzeko: "Prozesu horren helburu nagusia da beren lanaren ikusgarritasuna areagotzea eta komunitatean duen eragina neurtzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide