Bihar 20:00etan Eva Guerreroren Tierra de nadie lana ikusteko aukera egongo da Amurrio Antzokian, 8 euroren truke. Sormen lanak diziplina anitzak nahasten ditu, musika eta dantza garaikidea, kasu; eta "printzipio eta amaierez, distantziez, gorputza osatzen duten gorputzez eta horien arteko harremanez" hausnartzen du.
Guerrerok berak eta Garazi Lopez de Armentiak dantzatuko dute oholtzan eta eurekin Yolanda Bustillok eta Carla Sevillak partekatuko dute espazioa, musika joz eta abestuz.
Pieza azaroaren 23an estreinatu zuten Arriaga Antzokian, koproduktorea baita erakundea. Guerrerok ibilbide luzea du kultura, sorkuntza eta esku-hartzeetan eta bere azken lanak LOF (Ladies of Fight), Gorpuztu eta ESNA izan dira, azken hori Marie de Jonghen haurrentzako antzerki-konpainiarekin lankidetzan. Azken bi piezek biran dihardute.