Hasteko, zer da mondioringa?
Bada kirol bat non nahasten diren obedientzia, salto eta babes ariketak. Ariketa bakoitzean badaude bizpahiru figurante, babes jantziekin, eta txakurrek hozka egin behar diete, baina ez edozein modutan, araudiaren barruan zehaztutako modu batzuetan baizik.
Ez da oso kirol ezaguna, baina geroz eta gehiago zabaltzen ari da. Orain dela asko lotuta zegoen txakurrentzako polizia-programei, baina gaur egun edozeinek egin dezakeen kirola bilakatu da, eta hazten dabil apurka, afizioa handitzen, edozeinek egin dezake.
Hobekien hozka egiten duen txakurrak irabazten du, beraz?
Ez zehazki. Gauza asko sartzen dira araudiaren barruan. Badago ariketa bat badela txakurraren jabearen babesa. Epaileak eszenatoki bat diseinatzen du, txapelketa bakoitzean aldatzen dena. Ariketa zehatz honetan, txakurra jabearen inguruan egon behar da, noiz erasotuko duten zain, eta orduan egin behar du hozka.
Beste ariketa bat figurantearen bilaketa da, topatzen duenean egin behar du zaunka…
Ariketa horiek lehenagotik dakizkizue edo txapelketan bertan planteatzen dizkizuete?
Kirol honen ezaugarri bereziena bada aldakortasuna. Txapelketa bakoitzean eszenatoki ezberdinak asmatu daitezke. Horretan datza erronka, inoiz ez dugulako amaitzen egon daitezkeen egoera ezberdin guztiak entrenatzen.
Nola entrenatzen duzue orduan?
Jokaera konkretuak lantzen ditugu. Arau batzuk daude, baina arau horien barruan aldakortasun handia dago. Badago ariketa bat badela objektu baten babesa. Txakurrari aulki bat jartzen diozu, adibidez, babestu dezan. Baina beste txapelketa batean edozein objektu izan daiteke, txakurrari mina egingo ez diona betiere.
Beste ariketa mota batean, txakurrak eraso egin behar dio figuranteari, eta hau saiatu behar txakurraren hozkada saihesten. Plastiko batzuk bota ahal zaizkio txakurrari, edo ur balde bat… txakurra denetara ohitua egon behar da, eta horretan datza zailtasuna, inoiz ez duzulako amaituko egoera posible guztiak entrenatzen. Lan ona izan dezakezu prestatuta, baina agian txapelketara iristean ez zara ondo moldatzen, landuko dena ez duzulako prestatu. Horregatik da polita eta zaila aldi berean.
Nolakoa da entrenamendu dinamika?
Mondioringa zaletasun bat da niretzat. Klub bat sortu dugu lagun batzuen artean eta astean hirutan entrenatzen dugu. Orain banago 18 hilabete dituen txakur batekin, eta berarekin lehiatzen hasteko asmoa dut. Dena den, nire motibazio handiena da nire klubeko beste kideen txakurrak prestatzea eta euren maila gorenera eramatea.
Hori da gustatzen zaizuna kirol honetatik?
Bai. Ez naiz txapelketen fanatikoa, gehiago gustatzen zait entrenatzea. Zergatik monrioninga? Niri obedientzia lantzea asko gustatzen zait, bizkortasuna… txakurraren senarekin jokatzen ari zara, eta erronka handia da lortzea araudi baten barruan txakurraren sena altuak kontrolatzea. Txakurren kirolen munduan babeseko ariketak dira maila altuena dutenak.
Niri entrenatzea asko gustatzen zait. Badago jendea oso fanatikoa dena eta lehiatzeko entrenatzen duena, baina niri horren atzeko eraikuntza da gustatzen zaidana, hori da gehien gozatzen dudana. Azken finean, urtean 10-15 txapelketa izan ditzakezu, baina urte osoa igarotzen dugu entrenatzen, astean hiru egunez, hori da niri gustatzen zaidana. Figurante bezala, adrenalina ere dut gogoko: txakurrak entrenatu, txakurraren hozkada sentitu… betidanik gustatu izan zaizkit arrisku kirolak, adrenalina puntu hori dutenak, eta kirol honek hori ere eskaintzen dit.
“Ez nintzen munduko txapelketara jokatzeko sailkatu, baina nire lehengo aldia izan zen eta oso pozik nago emaitzarekin, lehenego hamarren artean geratu naizelako”
Urrian urrats garrantzitsua eman zenuen txapelketen esparruan.
Bi figurante mota daude: formakuntzako figuranteak eta txapelketakoak. Ni bi aldeetan nago orain. Lehiaketetan sartzeko hiru maila daude. Lehenengoa da klubeko figurantea, bigarrena da nazionala. Urrian egin nuen azterketa hirugarren maila lortzeko, nazioartekoa. Mundu osoko nazioarteko figuranteak eta maila hori lortu nahi zutenak batu ginen, eta sailkapena bat egin zen bertan, hurrengo urteko Munduko Monrioning Txapelketara nortzuk joango ziren ebazteko. 27 pertsona egon ziren, ni 9. postuan geratu nintzen. Ez nintzen munduko txapelketara jokatzeko sailkatu, baina nire lehengo aldia izan zen eta oso pozik nago emaitzarekin, lehenego hamarren artean geratu naizelako. Aurten Greziara joateko asmoa dut postua hobetzeko, edo horretan saiatzeko behintzat.
Zer asmo dituzu 2024ra begira?
Gauza gehiegi egin nahi ditut. Txakur asko ditugu klubean entrenatzen, eta ardura nahiko dut horrekin. Baina baditut lehiaketa batzuk begitan hartuta, eta fisikoki asko landuko naiz Greziara ahalik eta indartsuen joateko. Urrian izango da norgehiagoka hori, iazkoa bezala. Ea lortzen dudan 9. postua hobetzea.
Urtean zehar beste txapelketa batzuk izango ditut: Madrilen otsailean, Portugalen martxoan eta apirilean ere badut beste txapelketaren bat.