Atzo zabaldu zituen Tubos Reunidos enpresak iazko jardunaldiaren emaitzak eta benetan positiboak izan ziren akziodunentzat. Izan ere, negozio kopurua 533 milioira heldu zen, 2022an baino % 3,7 gehiago. Prezioen gorakadak 56,6 milioi euroko mozkinak utzi zituen konpainian, hau da, 2022an baino % 30 gehiago.
Langileentzat ez dira horren onak izan berriak
Akzioak dituztenek pozik egoteko arrazoiak badituzte ere, beharginen artean egoera ez da bera. Izan ere, 2023. urtea Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientearekin amaitu zuten eta hilabete honetan bertan berriro egongo dira egoera berean, uztailera arte.
Sindikatuen aburuz, enpresak tresna hori baliatzen du estrategia finantzario gisa, diru publikoa eta langabezia bideratuta etekinak hobetzera, nahiz eta egiturazko arazorik ez izan. Zehazki, martxoan indarrean egongo den espedientearekin, zortzi egin ditu konpainiak 2009tik.
Aste honetan bertan Langile Batzordeak bozketa proposamena luzatu zien langileei eta 192 beharginek babestu zuten eta 75 langilek kontra egin zuten.
Proposamen horren arabera, sindikatuek ez dituzte onartzen enpresaren argudioak espedientea abiatzeko. Edonola ere, ez dute horren kontra egingo epaitegian, honako akordio honetara helduta:
- Tubos Reunidosek bermatuko du osagarrien bidez langileek hilero euren soldata gordinaren %83 jasoko dutela.
- Espedientearen ondorioz egunero lan egin ez arren, aparteko soldatak eta opor kopuru bera mantenduko dituzte beharginek.
- Espedientean daudenak lan egitera joan behar izanez gero, enpresak 48 ordu lehenago jakinarazi beharko die aldaketa hori.
ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuek proposamena babestu badute ere, ESK-k eta CNTk oharrak plazaratu dituzte salatzeko sinatutako konpromisoarekin oinarrizko eskubideei egingo dietela uko, salaketak jartzeko aukerari tartean. Halaber, ESK-k azpimarratu du lortutako onura horiek izateko, langileak desregulazio deiak betetzera derrigortu dituela enpresak, malgutasuna handituta.