Amurrioko EH Bilduk prentsa oharra zabaldu du otsailaren 29ko udal osoko bilkuran gertatutakoa salatzeko. Izan ere, koalizioak adierazi duenez, udal langile batek hitza hartzeko saiakera egin zuen birritan eta Txerra Molinuevo alkateak ukatu egin zion.
Berez, ikusita udal ordezkariek parte hartzeko aukera ematen ez ziotela, beharginak mintzatzeari ekin zion eta orduan alkateak bukatutzat jo zuen udalbatza. EAJko talde osoak utzi zuen aretoa.
"Are gehiago, berak plenoa amaitutzat jo zuenean eta berriro ere udal langileak azkenengoz hitza eskatuta, alkateak erantzun zion hitz egin zezakeela nahi beste, baino inork ez zuela entzungo bere azalpena, alferrik ari zela. Hau esanda altxatu egin zen eta keinu bat eginez EAJko gainontzeko zinegotziei alde egiteko esan zien. Bitartean, udal langilea PSE-EE eta EH Bilduko zinegotziei eman zigun azalpena", erantsi du EH Bilduk.
Koalizioaren aburuz, lekuz kanpoko gertakariak dira horiek eta Txerra Molinuevo alkateari eskatu diote "hemendik aurrera manerak zaindu ditzala eta errespetu eta heziketa osoz tratatu dezala jende guztia".