Eusko Legebiltzarrerako belaunaldi berria aurkeztu du EAJk Amurrion

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 16a, 12:00

Jonatan Morenok, Ainhoa Campok, Eneritz Alonsok eta Ander Añibarrok babestu zuten atzo Joseba Diez Antxustegi Amurrion, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako zerrenda arabarraren aurkezpenean.

Ostiral arratsaldean aurkeztu zuen EAJk Amurrioko Guk pasealekuan Eusko Legebiltzarreko zerrenda arabarra. 'Indar berria' lema izanik, Jose Antonio Suso Arabako Buru Batzarreko presidenteak hitza eman zien Jonatan Moreno, Eneritz Alonso, Ander Añibarro eta Ainhoa Campo zerrendakide aiaraldearrei eta Joseba Diez Antxutegi zerrendaburuari.

Ekitaldiaren ardatza izan da jeltzaleek indar eta odol berria bultzatu dutela EAJren proiektua indartzeko. Zentzu horretan, Jonatan Moreno izan da hitza hartzen lehenengoa eta alderdian konfiantza eskatu du, bere ustez, urte luzez erakutsi baitu bere gaitasuna.

Eneritz Alonsok estreinako aldiz hartu du hitza ekitaldi publiko batean aldarrikatzeko hezkidetza, kontziliazioa eta gazteei lehentasuna emateko beharra. 

Ander Añibarrok, bere aldetik, Iñigo Urkulluri eman dizkio eskerrak hamabi urtez Eusko Jaurlaritzan egindako lanagatik eta erantsi du bere kudeaketak bete duela agindutakoa, besteak beste, langabezia %10etik jaistea.

Halaber, laudioarrak ohartarazi ditu alderdikideak beste talde batzuek egingo dituzten proposamen utopikoen aurrean, eta aldarrikatu du errealistak izateko premia, gobernatzeko ardura izango dute eta.

Ainhoa Campok Aiarako Udalak, Arabako Batzarretan eta Arabako Foru Aldundian izandako esperientzia balioan jarri du, eta ziurtatu du alderdiaren mesederako lan egiteko prestutasun osoa duela.

Azkenik, Joseba Diez Antxustegik hitz egin du publikoaren aurrean aipatzeko, futbolean bezala, poztasun gehien sortzen dituzten partidak direla zailenak. Horrela, adierazi du ziur dagoela Araban irabaziko dutela.

Halaber, zerrendaburu arabarrak defendatu du EAJk egindako lana eta argudiatu du Arabako zerbitzu publikoak eta osasun sistema publikoak estatu osoko onenak direla, arazoak izan arren. Modu horretan, EAJren jarraikortasunaren alde egin du, "urte luzez irabazitakoa tarte txikian galdu daitekelako".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide