Raisa Alavaren eskuetan dago jadanik aurtengo Urrezko Guk Saria. Amurriok bere ibilbidea omendu du ilustrazioaren esparruan (Tour-aren kartela, New Yorker eta Bloomberg argitalpenetan ilustrazioak) eta aiararrak gustura jaso zuen aitortza, lagunez eta senidez inguratuta.
Ekitaldia Belgorri taldearen abestiekin hasi eta amaitu zen eta bideo baten bitartez azaldu zituen Alavak bere erreferenteak (Mortadelo eta Filemon, The Simpsons, Roald Dahl...) eta bere bizipenak. Bide batez, aipatu zuen Rick and Morty telesaioa sortu zuen estudioarekin lan egitea dela bere ametsa.
Aiararrak Angel Camino Guk eskulturaren sortzailea ekarri zuen gogora eta, halaber, aipatu zuen ilusio berezia egin ziola Amurrio Harroren murala egin izanak.