Azken orduko aldaketarik ez badago, hilabete honetan amaituko da Laguntza elkartearen ibilbidea, 20 urtez Amurrioko herritar zaurgarriei Arabako Elikagai Biltegiko produktuak banatzen egon ostean. Hala jakinarazi zuten elkarteko kideek iragan astean, sare sozialetan plazaratutako mezu baten bidez.
Euren hitzetan, Udalak eurekin izandako jarrera dela eta hartu dute jarduna eteteko erabakia. Azaldu dutenez, 2021ean hasi zen dena, Arabako Elikagai Biltegiak baldintza berria jarri zuenean mahai gainean: laguntza jasotzen zuten pertsona guztiak gizarte arloko profesional batek ebaluatuak egotea, laguntza jasotzeko baldintzak betetzen zituztela ziurtatzeko.
“Elikagai biltegiaren arabera, Udalerako Gizarte Zerbitzuek betetzen dute funtzio hori, Amurrion salbu”, azaldu dute Laguntzako kideek, “alkatetzak proposatu zigun norbait kontratatzea funtzio hori betetzeko, kostea diru-laguntza baten bidez estaliz, eta horrela funtzionatu dugu 2023ko bigarren seihilekoan”.
Laguntzako kideek salatu dute 2024rako aurrekontua aurkeztu egin zutenean Udalak uko egin ziola hori ordaintzeari eta arloaren ardura duen zinegotziak “jarrera harroputza eta enpatiarik gabekoa” izan duela eurekin.
Baina, azaldu dutenez, gauzak aldatu egin dira gobernu aldaketa egon denean, eta Udaleko gizarte arloa PSE-EEren eskuetara pasa zenean. Laguntzako kideek salatu dute 2024rako aurrekontua aurkeztu egin zutenean Udalak uko egin ziola hori ordaintzeari eta arloaren ardura duen zinegotziak “jarrera harroputza eta enpatiarik gabekoa” izan duela eurekin.
Horren ondorioz, elkarteko kideek ez dute inolako konponbiderik ikusten. “Urte batzuk gehiago gure lana egiten jarraitzeko indarra izango genukeen, baina ez ditugu erakundeekin borrokatzeko, harremanaren degradazio-giro honetan. Bestalde, jardunari gure kabuz aurre egiteko baliabiderik ere ez dugu”, ondorioztatu dute.
Udalaren azalpenak
Amurrioko Udalak ohar batean eman ditu gai honi buruzko azalpenak. Elkarteak 20 urte hauetan zehar eginiko ibilbidea eskertu du erakundeak, eta nabarmendu du taldeak hartu duen erabakia errespetatzen duela.
Hala ere, ez dator bat “gizarte-zerbitzuei eta arloko arduradun politikoei buruz egindako salaketekin”.
Ildo horretan, tokiko erakundeak azaldu du inoiz ez diola utzi Laguntza elkartearekin lankidetzan egoteari, “urtero udalaren dirulaguntza bat duelako eta, era berean, udalaren lokalak erabiltzen dituelako bere jarduera garatzeko”.
Oharrean erantsi dutenez, lankidetza hori beti egon da bermatuta, “bai iraganean, bai orainean, bai etorkizunean”.
Udalaren arabera, gizarte-zerbitzuen arloko arduradunek proposatu zuten elkarteak Gurutze Gorriarekin hitzarmen bat sinatzea, “erakunde sozial horrek zuzenean bere gain har zezan Laguntza Elkarteak aldarrikatutako zeregina”
Era berean, Laguntza elkarteak eginiko erreklamazio berriei “alternatibak” eskaini dizkiela ziurtatu du Udalak, “azkena 2024ko urtarrilean”. Gizarte-zerbitzuen arloko arduradunek proposatu zuten elkarteak Gurutze Gorriarekin hitzarmena sinatzea, “erakunde sozial horrek zuzenean bere gain har zezan Laguntza Elkarteak aldarrikatutako zeregina”.
Lan-dinamika berri bat ekarriko luke horrek, tokiko erakundearen hitzetan: “Gurutze Gorria arduratuko zen Amurrioko Udalak berak bideratuko dizkien erabiltzaileak elkarrizketatzeaz, pobrezia- eta bazterkeria-arriskuan dauden pertsonen balorazio ekonomiko eta soziala egiteko eta eskaera positiboa zen ala ez zehaztuko zuen txosten bat egiteko. Ondoren, eta egindako balorazioarekin, Laguntza Elkarteak bere gain har dezake elikagai-banaketa, erantzun pertsonalizatuak emanez eta bere arazo guztiei lagunduz”.
Udalak defendatu du Gurutze Gorriak langile propioak dituela aipatutako zereginak egiteko. Horregatik, bi eragileen arteko “lankidetza-loturak” sustatu nahi izan ditu tokiko erakundeak, “ahaleginak eta baliabideak batu ahal izateko”.
Horrez gain, Udalak gaineratu du laster jarriko dela martxan Europako Gizarte Funtsaren Oinarrizko Programa, eta horrek euren jarduera birplanteatzera eramango dituela Laguntza bezalako elkarteak eta elikagai bankuak.
Izan ere, programa horrek txanpon-txartel edo txekeen bidez funtzionatuko du, elikagaiak zuzenean emateari utziz. “Espainiako Gurutze Gorriak jarriko du abian programa hori 2024an, eta gizarte-zerbitzuek zeregin garrantzitsua izango dute kasuak bideratzeko”.
Hala ere, aldaketa horiek gorabehera, Udalak erabaki zuen Laguntza Elkarteari planteatutako alternatibari eustea, elkarte horrek artatzen dituen pertsona guztiak ezingo direlako Europako programa berri horretara batu.
Horregatik guztiagatik, Udaleko arduradunak “harrituta” geratu dira elkarteak hartutako erabakiarekin, eta adierazi dute ez dutela ofizialki erabakiaren gaineko inolako jakinarazpenik jaso. Dena den, erabakia errespetatzen dutela nabarmendu dute, eta eskerrak eman dizkiete elkarteko kideei 20 urtetan zehar eginiko lanagatik.