EH Bilduk ekitaldi nazionala egin du gaur Amurrioko San Anton plazan. Hitzartzeek bi protagonista nagusi izan dituzte. Alde batetik, Athletic Clubaren atzoko garaipena egon da mahai gainean. Jon Urruela Berganza zinegotziak eskerrak eman dizkie bertaratu diren guztiei, gau biziaren ostean, eta Eba Blanco Legebiltzarreko hauteskundeetako zerrendakideak ere aipatu du atzoko Kopako garaipena.
Pello Otxandianok harago eraman du aipua eta Athleticaren "zapore herrikoiko garaipena" koalizioaren hauteskundeekin alderatu du, ziurtatuta EH Bilduk finala biziko duela apirilaren 21ean eta espero dutela kementsu irabaztea.
Horrez gain, Osakidetza izan da gehien aipatu den gaia. Urruelak, oro har, eskualdean bizi den zerbitzu publikoen gainbeheraren kontrako txertotzat jo du EH Bildu, osasun sistema publikoan zein Renfen arreta jarrita.
Eba Blancok ere Etengabeko Arreta Guneen egoera izan du hizpide, baita gazteek emantzipatzeko dituzten arazoak eta zaintzaileak modu duinean tratatzeko edota segurtasun eredu berria abiatzeko beharra ere. Horri guztiari aurre egiteko, Blancok gogoratu du 400 neurri zehatz baino gehiago dituela koalizioak.
Osakidetza "modu diktatorialean" kudeatzea leporatu dio Otxandianok EAJri
EAJri ardurak hartzeko exijentzia
Pello Otxandiano izan da hitza hartu duen azkena. Berea izan da diskurtso luzeena. Kanpaina lasaitasunez egingo dutela azaldu badu ere, argi eta garbi adierazi du hurrengo hauteskundeetan EAEko politikaren erregenerazioa dagoela jokoan eta hau dela unea horri ekiteko.
Izan ere, bai berak zein Blancok azpimarratu dute EAJ inertzian eta autokonplazentzian murgilduta dagoela eta, horregatik hain zuzen, bere eredua iraungi dela.
Horren adibide da, Otxandianoren ustez, Osakidetzaren gainbehera, EAJk "modu diktatorialean" kudeatu duena. Bere ustez, osasun publikoa iraultzeko politikak behar dira: "Esaten dute ez dagoela medikurik, baina errealitatea da joaten direla ez dituztelako lan baldintza duinak sortu".
Zentzu horretan, EH Bilduko lehendakarigaiak exijitu dio EAJri Osakidetzaren egoeraren ardura bere gain hartzea: "Ezin dute bere burua aurkeztu oposizioan egon izan balira bezala. Osasun publikoaren egoera erabaki politikoen ondorioa da eta eurek hartu dituzte. Hori ez badute onartzen ezingo da diagnostiko egokia egin eta, ondorioz, hobetzeko politikak garatu".
Bide batez, bestelako politika aldarrikatu du Otxandianok, alderdien interesetatik aldentzen dena herria erdigunean jartzeko. Horretarako, epe ertain eta luzerako politikak sortzeko beharra nabarmendu du. "Orain da unea, hurrengo legealdia amaitzen denean 2030 urtea gertuago egongo da eta politika abangoardistak martxan jartzeko premia dago".
Horretarako, anbizio nazionala adierazteko asmoa iragarri du, estatus politiko berria adosteko eta eskuratzeko: "Herri honek erakutsi du anbizio nazionalak dituela aukera izan duen bakoitzean: greba feministan, Korrikan edo elkartegintzan".
Amaitzeko, ohartarazi du lan handia dutela egiteke eta atsedenik gabe ekin behar diotela apirilaren 21era arte.