Arabako Gizonezkoen Ohorezko Mailako sailkapen orokorrean berdinduta iritsi ziren iragan ostiralean Amurrio Club eta CD Laudio aurrez aurreko norgehiagokara. Larunbatean zen jokatzekoa derbia, baina Athleticek Sevillan zuen Kopako finalaren ondorioz, partida egun bat aurreratzea erabaki zuten bi klubek.
Eguraldia lagun, eta Basarte futbol zelaia jendez lepo zegoela, giro paregabean jokatu zuten bi taldeek denboraldiko bigarren eskualdeko derbia. Joaneko partidako arantza kentzeko asmotan bertaratu zen CD Laudio Basartera. Izan ere, azaroan jokatutako derbian zuri-gorriek 2-3 galdu zuten Amurrio Cluben aurka.
Apirilaren 5eko partidan oso maila parekatua erakutsi zuten bi taldeek, sailkapenean egoera berdinean daudenaren erakusgarri. CD Laudiok aukera argiak izan zituen, baina Javier Artetak, Amurrio Clubeko atezainak, ondo eutsi zion egoerari. Markagailuan 0-0 bukatu zen norgehiagoka, eta merezitako puntu bana eraman zuten biek etxera.