Amurrio Clubek 75. urteurrena ospatuko du aurten. Horretarako, hainbat jarduera eta ekimen prestatu dituzte. Klubaren historia laburbiltze aldera, talde amurrioarrak bere ibilbide guztian zehar izan dituen aurkarien banderatxoen erakusketa atondu dute Basarteko futbol zelaian bertan. Besteak beste, Athletic Club, Real Sociedad, Cadiz edota Racing de Santander taldeen ikurrak bildu dituzte. Erakusketa ikusi nahi duen orok edozein partida egunetan izango du horretarako aukera.
Dena dela, hori ez da izango klubaren historia birpasatzeko prestatuko duten erakusketa bakarra. La Casonak ere Amurrio Clubaren argazki zaharren eta irabazitako garaikurren bilduma jasoko du aurki. Efemeridea borobiltzeko, gainera, Athletic Clubeko emakumezkoen taldeak partida bat jokatuko du Amurrioko futbol zelaian, oraindik data zehaztu ez duten arren.
Oroigarriak
Amurrio Clubek kamiseta bereziak jarriko ditu salgai. Elastiko hauek, 75. urteurreneko irudia ez ezik, klubeko jokalari eta bazkideen izenak izango ditu ere. Gainera, ohikoan partidak ikustera hurbiltzen diren haurrei ere luzatu diete haien izenak kamisetan jartzeko aukera. Giltzarrapoak ere jarri dituzte salgai partida egunetan. Azkenik, Troj garagardo etxeak botila bereziak kaleratuko ditu Amurrio Clubeko logoarekin. Herriko tabernetan eskuratu ahalko dira botila horiek.
Ibilbide luze eta oparoa
1949ko uztailaren 13an sortu zuten ofizialki Amurrio Club, herriko gazte talde baten eta abadearen egitasmoari esker. Sorrera hartan, 282 bazkideren babesa jaso zuen klubak eta Bizkaiko hirugarren mailan jokatzeari ekin zion. Laudioko Altzarrate taldearen aurka jokatu zuen Amurrio Clubek bere lehenengo norgehiagoka, eta 2-3 garaitu zituen laudioarrak.
Aurretik Amurrion egondako bi futbol talderen lekukoa hartu zuen klub zuri-urdinak: Circulo Artesano (1927-1934) eta gerra ostean sortutako Sporting de Amurrio (1947-1948).
1993/1994 denboraldian Bigarren B Mailara igotzea lortu zuten Amurriokoek, eta hamabi denboraldi iraun zituzten kategoria horretan.
40 urtez Bizkaiko Federazioko zenbait kategorietan jokatu zuten amurrioarrek, harik eta, 1980ko hamarkadan, Arabako Futbol Federazioa sortu zuten arte. 1989/1990 denboraldian ekin zioten Arabako kategoria baxuenean jokatzeari.
Hain zuzen ere, Arabako Federazioaren barruan lortuko zituen klub zuri-gorriak bere lorpenik esanguratsuenak. 1993/1994 denboraldian Bigarren B Mailara igotzea lortu zuen, eta hamabi denboraldi iraun zituzten bertan. Maila horretan jokatzen ari zirela, hiru denboraldiz jarraian lortu zuten Errege Kopako kanporaketan sartzea, eta Lehen mailako Athletic Club eta Racing de Santander taldeen aurka jokatu zuten.
Klubaren lorpenik handiena izan zen Bigarren A Mailara igotzeko fasera sailkatzea, 2000/2001 denboraldian. Denboraldi hartan laugarren sailkatu ziren ligan, eta igoera-fasean hirugarren geratu ziren zuri-urdinak.