Bereziak izango dira 2024ko Gabonak Manolo Plaza Amurrioko Olentzero ezagunarentzako. Izan ere, 42 urtez ikazkinaren papera bete ostean, aurten azkenekoz jantziko da "entendimentuz". Honezkero hasi dira Manoloren hutsunea beteko duen Olentzero berri baten bila, 2025eko neguan estreinatu dadin.
"Oso gustora egiten dut Olentzeroren papera, baina urtez urte nekatuago bukatzen dut", azaldu dio Manolo Plazak Aiaraldea Komunikabideari, "ekitaldi kopuruak gora egin du nabarmen: kalejirak, San Roke eta Kuskumendiko txangoak, ikastetxeetara bisitak... Ni ez naiz mahuka motzetan zebilen lehengo mutila (barreak)".
Plazak adierazitakoaren arabera, hiru urte eman ditu erabakia hausnartzen. Asko ziren Olentzero izaten jarraitzera animatzen zutenak, baina, azkenean, erreleboa ematea erabaki du.
Ikazkin bila
Asko falta da 2025eko Gabonetarako, baina Olentzero berri baten bila hasi dira dagoeneko Manolo Plaza eta berarekin batera urte luzez ekimenak antolatzen aritu diren Ohiturak taldeko kideak. "Odol berria beharrezkoa da", adierazi du Plazak, eta ziurtatu du "esperientzia" eskaintzen jarraituko duela.
Aholku bat ere utzi dio Aiaraldea Komunikabidearen bidez, Olentzeroren papera hartuko duen balizko hautagaiari: "Zuk zeuk sinesten baduzu Olentzero zarela, gainerakoek ere sinetsiko dute. Hori da inportanteena, ez itxura fisikoa". Talde on baten eta senideen babesaren beharrak ere azpimarratu ditu Plazak, Olentzeroren arrakastaren sekretu.
Olentzeroen arteko lekuko aldaketak, beste hainbat berritasunei ere ireki diezaieke atea, Plazaren iritziz. Bide horretan, Amurrion Olentzerorekin batera Maridomingik ere bere lekua izateko aukera zabalik utzi du. "Maridomingi, ordea, ez da Olentzeroren laguntzaile soil bat izan behar. Ez horixe, Olentzeroren maila berdinean dagoen pertsonaia izan behar du, edo Olentzerok baino garrantzia handiagokoa". Zalantzarik gabe, bereziak izango dira datozen Gabonak Amurrion.
42 urtez Olentzero
Kasualitatez sartu zen Manolo Plaza Olentzeroren paperean, AEKn euskara ikasten ari zela. Soldaduzkan lagun euskaldun asko egin zituen, eta berak ere euskara ikasteko beharra sentitu zuen. Hori dela eta, zerbitzu militarra bukatzerakoan AEKn eman zuen izena.
Laudioko Kiskik, euskaltegiko irakasleak, luzatu zion ikazkin jantzia janzteko gonbita. Floren Aldamaren lekukoa hartu zuen Plazak. 21 urte zituen, eta geroztik ez dio inoiz Gabonetako hitzorduari hutsik egin. Ibilbide luze hori goraipatzeko, Amurrioko Udalak Urrezko Guk Saria eman zion 2016an.