Kultur sorkuntza Aiaraldean

20 urteko ibilbidea berrikusten, formatu akustikoan plazaratzeko

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 23a, 07:00

Formatu akustikora egokitu ditu Luis Vilesk bere 20 urteko hogei abesti. / Luis Vil

20 urte igaro dira Luis Vilek bere bakarkako lehen lana plazaratu zuenetik. Urteurrena ospatzeko ikuskizun berezia prestatzen ari da musikari amurrioarra. Irailean estreinatuko du Amurrio Antzokian. 

2004. urterako Luis Vilek ibilbide oparoa zuen egina musikaren esparruan, hainbat proiektutan aritu baitzen 19 urte zituenetik; Ironic Cancer Phobia, Triturbo edota Ricoamor taldeetan, kasu. 

Baina urte horretan erabaki garrantzitsua hartu zuen amurrioarrak: bere bakarkako lehen lana plazaratu zuen, Versos Ajenos izenekoa. Bere hitzetan, hautu hori hartu zuenean hasi zen “benetan aske” sentitzen, eta bide horretan sakontzeari ekin zion.

20 urte igaro dira ordutik hona, eta emaitza oparoa utzi du bidean: 6 album eta 30 single bideoklip formatuan. Horrez gain, beste proiektu batzuk ere garatu ditu paraleloki, Maria Rivero eta Josean Vallerekin sortutako Luis Vil & La Brigada Político Social taldea kasu. 

Orain, bi hamarkadek utzitako uzta berrikusteari ekin dio Vilek, kantu esanguratsuenak bildu eta formatu akustikora moldatzeko. Abesti horiek berreskuratuta, ikuskizun berezia atondu nahi du Aiaraldeko sortzaileak, urtemuga oholtza gainean ospatzeko. 

Atzera begira jarri eta kantuak berrikusterakoan, orotariko doinuekin egin du topo musikariak. "Versos Ajenos oso disko akustiko, liriko eta poetikoa da. Prototipo, aldiz, elektrikoa da, askoz punki eta politikoagoa. Eta bi lanen artean apur bat denetarik dago”, azaldu dio Vilek Aiaraldea Komunikabideari.

Hala ere, bere ustez, kantuen “funtsa” eta “ideologia” ez dira aldatu 2004tik hona. “Nire kabuz eraikitzen joan naiz, etiketetatik aldendu eta estilo propioa sortuz”.

Ez da lan erraza izaten ari, 90 abesti baino gehiagoren artean hautatu behar izan baitu. “Azkenean 20 aukeratu ditut, eta horien gainean ari naiz lan egiten”, zehaztu du sortzaileak.

Aurreratu duenez, bere album guztietako laginak hautatu nahi izan ditu, bere “ildo lirikoenetatik politikoenetara” doazen konposizioak hartuz. 

Aitortu duenez, “oso ilusionagarri eta sortzailea” suertatzen ari zaio bere kantu elektrikoenak formatu akustikora moldatzea, eta horrek aukera emango dio entzuleari zerbait berria eskaintzeko, “orain arte entzundakoaren ezberdina”.

Bere bakarkako ibilbideko 90 abesti baino gehiagoren artean egin du Vilek hautaketa. Ikuskizun berezia prestatuko du sortzaile amurrioarrak, zeinetan pisu handia izango duen “alderdi bisualak”. 

Irailean oholtza gainean

Osatu nahi duen ikuskizunari dagokionez, Vilek aurreratu du hiru pertsona igoko direla oholtza gainera: bera, gitarra eta ahotsarekin; Josean Valle, teklatuan eta koruetan; eta Vilen semea, Jona, baterian. 

Hala ere, ez dira kontzertu hutsa eskaintzera mugatuko. Izan ere, zinemagintzan ere ibilbide mamitsua garatu du Vilek azken hamarkadan, eta hori nabaritu egingo da emanaldian. “Zuzenekoa ikuskizun bat da, zerbait gehiago eskaini behar da, eta nik garrantzi handia ematen diot alderdi bisualari”, azaldu du amurrioarrak. Aurreratu duenez, “baso sorgindu” itxura emango diote oholtzari, zuhaitzen adarrak eta burdinoletatik ateratako piezak baliatuta. 

Lehen kontzertuak badu data dagoeneko: Irailaren 14an eskainiko dute Amurrio Antzokian. Urriaren 8an, aldiz, Gasteizko Parral tabernan arituko dira. Basaurin edota Arrasaten ere ixtear dituzte emanaldiak, beste batzuen artean.

Aretoetan jo nahi du Vilek, batez ere, eta horretarako elkarlanean arituko da Zelako Kultur Ideiak kooperatibarekin. Hala ere, horrelako proiektuek “babes instituzional oso gutxi” jasotzen dutela uste du Vilek. Horregatik, musikariak argi du, aretoen atea jo ostean, “ohiko garito klasikoetara” joko duela, “non oraindik ere musika errespetatzen den entzuna izateko eta ez ostalaritza-erakargarri gisa”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide