Amurrio Club oso harro dago gazte taldeak egindako lanagatik. Izan ere, jadanik eskuratu dute Ohorezko mailan aritzeko eskubidea hurrengo denboraldirako, eta Lehen Mailako liga irabaztea dute orain helburu.
Horretarako, maiatzaren 4an jokatuko den partida irabazi beharko dute Basarten, 17:30ean Zuiaren aurka. Izan ere, talde hori da bigarrena sailkapenean. Ondorioz, gailenduz gero, amurrioarrena izango litzateke liga.
Proiektua taldearen atzean
Klubeko zuzendaritzak azpimarratu du taldearen arrakastaren gakoa izan dela proiektua dagoela atzean. Hain zuzen, egungo jokalarien %75ak kadete taldea osatzen zuen iaz.
Futbolari multzoa ez ezik, entrenatzaileak ere mantendu dituzte. Gainera, nabarmendu beharra dago Iker Mansilla eta Antton Vivanco, biak, prestaketaren arduradunak direla, hau da, ez dago lehen eta bigarren entrenatzailerik. Miguel Rios da talde teknikoko beste kidea.
Joko fisikoa
Aurreko denboralditik elkarrekin lan egiten duten gazteek eta prestatzaileek futbol joko oso fisikoa ezarri dute: goian egiten dute presioa, eta pilota lapurtu bezain pronto hegaletatik egiten dituzte trantsizio azkarrak. Erdilariak kalitate handikoak direnez, gola sartzeko aukerak bilatzen dituzte.
Atzean, klubak gogoratu du atezain oso onak dituela. Hala azaldu du presidenteak: "Nekez heltzen dira aurkariak abaguneak sortzera eta askotan topo egiten dute atezainekin".
Horrez gain, zentralak handiak dira eta kornerretan zein faltetan golak egiten dituzte eta hegaletako defentsak asko igotzen dira. "Fisikoki oso sasoian daude, motorrak bezala", aipatu du Amurrio Clubeko buruak.
Horrela ospatu zuten gazteek larunbateko garaipena:
🔵⚪️Amurrio Club Gazteak⚪️🔵
— Amurrio Club (@AmurrioClub) April 20, 2024
Hurrengo urtean Ohorezko Mailaren talde berria izango da.
Horrela ospatu dute gure Gazteak mailaz igotzea Amurriora heldu direnean.
Zoragarria 🥰🥰
🔵⚪️
El año que viene seran equipo de Juvenil de Honor. pic.twitter.com/gBTUouCDdU
Hurrengo denboraldirako itxaropen eta beldurrak
Amurrio Clubak uste du gazte taldeak maila oso handia duela, eta jokatu dituzten lagunarteko partidetan erakutsi dutela hori, kategoria nagusiko taldeei arazo ugari sortuta.
Horregatik, euren asmoa da Euskal Ligarako igoeraren bila joatea hurrengo denboraldian. Jokalari gutxik utziko dute taldea gazte kategoria gaindituko dutelako, hiruk baino ez.
Dena den, beste klub batzuen esku hartzearen arriskua existitzen da. "Espero dugu jokalari ia guztiek jarraitzea hurrengo denboraldian, oso talde ona osatu dutelako eta harreman bikaina dutelako, baina talde potenteak etortzen badira euren bila, ez da gure erabakia izango. Gu beti saiatzen gara jokalariak zaintzen eta horregatik uste dugu geratuko direla".
Berez, aurtengo taldean honako gazteek jokatu dute:
1- Ander Beitia
2- Erik Fernández
3- Alvaro Valdelvira
4- Lander Sagartzazu
5- Iker Moreno
6- Jon Nuñez
7- Izei Trujillano
8- Ibai Saratxaga
9- Hodei Ramos
10- Rodri Pinto
11- Unax Ugarte
12- Ekain Alonso
13- Julen Aldama
14- Peio Albizua
15- Enaitz Lanseros
16- Peio Marco
17- Ander Gomez
18- Aner Cuadra
19- Beñat Cuevas
20- Urko Diego
21- Jon Lopez