Nola iritsi zinen Espainiako Vert Txapelketara?
Mezu bat bidali ziguten esateko apirilaren 6an izango zela txapelketa. Gu askotan joaten gara txapelketa egiten den tokira entrenatzera, eta pentsatu genuen: “Zergatik ez?”
Zer moduz joan zen txapelketa?
Oso ondo. Nik nekiena egin nuen, eta horrekin bigarren geratu nintzen.
Beste txapelketa batzuetan aritu zara?
Bai, Liga Norten ere bigarren postua lortu nuen. Botxo Contest txapelketan ere egon naiz. Txurdinagan egiten da, eta mundu osotik bertaratzen dira patinatzaileak. Hirugarren postua lortu nuen han, baina Euskadiko Txapelketa ere egiten dute bertan, eta bigarren geratu nintzen azken horretan.
“Erortzen ikastea da egin behar duzun lehen gauza patinatzen hasten zarenean”
Patinekin egiten den kirol modalitatea da verta. Zer du berezi?
Adrenalina gehiago ematen dizu modalitate honek. Botatzen zarenean eta “aereo” bat egiten duzuenean aire guztia nabaritzen duzu zure aurka eta hori oso ederra da.
Hainbat modalitate daude skate parketan egiten den patinajean. Bowl-a dago, park-a, street-a… eta gero verta dago, bost metroko ‘U’ handi batean egiten dena.
🗣️ ELKARRIZKETA | Ane Ramos Izaga amurrioarrak harridura sortu du Espainiako Vert Txapelketan, bigarren postua lortu baitu 18 urtetik beherakoen kategorian, 11 urte baino ez dituen arren.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) May 6, 2024
📲 Elkarrizketa osoa hemen 👉 https://t.co/N19oRDfqyD pic.twitter.com/K7fHkqR0yp
Eta zuk hori duzu gogokoen?
Agian bai, ordu gehiago igaro ditudalako bertan.
Beste modalitateetan ere aritzen zara?
Bowl-a Amurrioko parkean praktikatzen dut soilik. Park estiloa ere asko gustatzen zait, eta orain hasi naiz street egiten.
Eta nolatan hasi zinen verta praktikatzen? Ez da oso ezaguna eta Amurrion ez dago horretarako azpiegiturarik ez klubik.
Nik txikitatik egin dut irristaketa Amurrio Patin Clubean. Baina egun batean Amurrioko bowla eraikitzeko obrak ikusi nituen eta aitari galdetu nion zertarako balio zuen. “Botatzeko”, erantzun zidan berak, eta nik esan nion patinekin bota nahi nintzela. Hor hasi nintzen.
Orduan, lehenbizi pentsatu zenuen hori egin nahi zenuela eta gero deskubritu zenuen bazegoela horretan aritzen zen kirol bat.
Hori da, bai.
Amurrioko bowla laster geratuko zitzaizun txiki.
Amurriokoan hasi nintzen botatzen, eta Laudion dagoen bowlera jo genuen gero. Oso txikia da, eta bertan hasi nintzen ariketak egiten. Amurrioko bowla inauguratu zenean bertan egon nintzen, eta entrenatzaile batek bere kontaktua eman zidan, Txurdinagara probatzera joateko. Bertan badago klub bat, eta bertako kideak badoaz Leioara edo Castrora patinatzera, eta ni eurekin. Orain Villasana de Mena alboan (Burgos) entrenatzen dut gehienbat, Europako vert garrantzitsuenetako bat dagoelako bertan.
Zenbat entrenatzen duzu astean?
Normalean astelehenetan eta igandeetan entrenatzen dut, eta gero batzuetan baita asteazkenetan, ostegunetan edo larunbatetan ere.
Asko entrenatu behar da ariketa bat ondo egiteko?
Bai, probatzea eta probatzea da. Espainiako Vert Txapelketan, adibidez, puntuatu egiten zen saltoaren altuera, zenbat malda erabiltzen zenuen, estiloa eta zailtasuna.
Zer da garrantzitsuena kirol hau praktikatzeko orduan?
Pixka bat denetarik. Trebetasuna, gehien bat.
Kanpotik ikusita, bost metroko aldapa batetik botatzea arriskutsua dela iruditu dezake. Horrela bizi duzu zuk? Nola gainditu duzu kolpeak hartzeko beldurra?
Oso babestuta noa, baina ariketa batzuk egitean bai ematen duela beldurra erortzeak. Dena den, erortzen ikastea da egin behar duzun lehen gauza patinatzen hasten zarenean.
Lortutako marken ostean, zein da dituzun hurrengo erronkak?
Entrenatzen jarraitzea eta urte honetako Botxo Contestean postu onean geratzea, iaz bezala.
Horrez gain, Espainiako Selekzioko entrenatzaileak deitu ninduen Espainiako Txapelketaren ostean, berarekin entrenamendu bat egiteko. Horretara joan nintzen eta entrenamendu gehiago egiteko esan dit.
Zer moduz entrenamendu horietan?
Oso ondo. Munduko laugarren patinatzailerik onena etorri zen Frantziatik, gurekin entrenamendua egiteko.
Eta epe ertain-luzera begira, zer helburu dituzu?
Txapelketa gehiagora joatea, jendea ezagutzea eta oso ondo pasatzea.
Lehiakortasuna edo lagun arteko giroa, zer nagusi vertean?
Patinajean lagun giro oso ona dago, pike gehiago dago skatean.