Arabako Foru Aldundiak, Euskal Energia Erakundeak, Krean enpresak eta Amurrioko Udalak jakinarazi dute Ekiola zentral fotovoltaikoaren lanak ekainean hasiko direla Saratxon, eta asmoa dela azpiegitura funtzionamenduan egotea 2025ean.
Hori dela eta, proiektuan parte hartuko duten 700 bazkideen bilaketa abiatuko du egitasmoak. Izan ere, kooperatiba izango da Ekiola Aiara. Zentralak urtean 1.550 MWh-ko produkzioa bermatzea aurreikusi dute sustatzaileek eta erronka da 700 bazkide eskuratzea herritar eta saltoki txikien artean.
Hala azaldu dute proiektuko kideek: "Urtean batez besteko 2.200 kWh-ko kontsumitzaile batentzat 1.900 euro inguru izango da kooperatibara egin beharreko ekarpena, kontsumitutakoaren berdina izango den urteko energia sortzeko. Horrekin betetzen da Ekiolaren funtsezko printzipioetako bat; hau da, kooperatibistak urtebeteko aldian eskari elektrikoaren % 100aren burujabe izatea. Aiarako Ekiolaren energiaren kalkulatutako batez besteko prezioa 30,00 €/MWh izango da gutxi gorabehera (karguak, zergak eta bidesariak kenduta) lehenengo urtean (KPIaren urteko igoera egingo da), eta proiektuaren bizitza erabilgarria 30 urte izango dela aurreikusten da".
Datorren urterako martxan egongo litzateke azpiegitura, aurreikuspenen arabera
Bazkideak erakartzeko kanpaina
Esan bezala, Ekiolak 700 bazkide eskuratzeko helburua ezarri du eta horretarako maiatza erdialdean hasiko du kanpaina Aiaraldeko udalerrietan. Datu zehatzagoak eskaintzeaz gain, "beren kontsumo elektrikoaren egungo faktura aurkezten duten lagunek txosten pertsonalizatu bat jasotzeko aukera izango dute, kooperatibako kide izan nahi duten edo ez balioesteko. Beren parte-hartzearen baldintzei buruzko informazio xehatua biltzen du txosten horrek, eta familia bakoitzaren kontsumoaren mende egongo da betiere".
Hori guztia gutxi balitz, bultzatzaileek azaldu dute ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ere instalatuko dituztela bazkideentzat. Ekiolaren webgunean topatu daiteke informazio gehiago.