Arrastariako herritarrek Urduñako nagusien egoitza erabiltzeko mozioa onartu dute Amurrion

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 26a, 11:00

Urduñako nagusien egoitza, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

EH Bilduk testua aurkeztu zuen apirileko udalbatzan eta EAJren babesarekin egin zuen aurrera.

Urduñak egin bezala, Amurrioko Udalak ere onartu du mozioa Arrastariako herritarrek parada izan dezaten Urduñako nagusien egoitza baliatzeko. Izan ere, Urduñatik gertu egon arren, administratiboki Amurrioren parte dira Arrastariako kontzejuak.

EH Bilduk aurkeztu zuen testua eskaera horrekin eta EAJk bat egin zuen proposamenarekin. Soilik PSE-EE agertu zen egitasmoaren kontra.

Mozio bera onartu zuen Urduñako osoko bilkurak martxoan, eta orain bi udalek hartu dute konpromisoa testuan eskatzen dena lantzeko. Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiei emango zaie onartutakoaren berri, haien artean hitzarmena adosteko.

EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan ere erregistratu zuen mozioa, maila instituzional guztietan gaiari irtenbidea emateko. "Arrastariako biztanleek urteak daramatzate gai honi buruzko konponbideak eskatzen. Ikusita Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek hau ahaztuta zutela, gaia berrartu dugu, oraingoan bai, hitzarmen hau egin dezaten", adierazi du EH Bilduk.

Arrastariako herritarren mesederako

EH Bilduk uste du akordio honen bitartez asko hobetuko dela Arrastariako biztanleen bizitza. 55 plaza ditu Urduñan kokatuta dagoen egoitza publikoak. Horietatik, 45 Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartuta daude, eta gainontzekoak pribatuak dira.

EH Bilduk azaldu duen bezala, Urduña Bizkaia izanda, bertan dagoen egoitza publikoko plazak eskuratzeko Bizkaian erroldatuta egon behar dira erabiltzaileak. Urduñaren kokapena eta tamaina kontuan izanda, Arabako herriz inguratuta, ezinezkoa da egoitzak dituen plaza publiko guztiak betetzea. Hala ere, Arrastariako (Delika, Tertanga, Aloria eta Artomaña) adinekoek, Urduñatik oso gertu bizi arren, ezin dute bertan plazarik lortu, eta haien etxeetatik oso urrun dauden Amurrio, Laudio edo Gasteizko egoitzetara joan behar dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide