Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere Amurrioko Gazte Asanbladak ez dio hutsik egin San Jose auzoko jaietako egitaraua osatzeari. Iragan larunbatean gazte DJen maratoiak jarri zuen dantzan gune autogestionatua, DJ Hemendik Etxera, Xaukena Xauk eta DJ Arriaga musika jartzaileen eskutik.
Gaur gauerako ere jaialdia prestatu dute. Baina, DJak ez ezik, musika bandek izango dute protagonismoa. 22:00etan hasita, Izate Faltsua talde ezagunak hartuko du Gaztetxea astintzeko ardura. Jarraian, Zinkha taldearen txanda izango da.
Zinkha eskualdeko musika talde sortu berriaren estreinako kontzertua izango da honakoa, baina honezkero bide oparoa egin dute. Izan ere, Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketa irabazi zuten iragan hilabetean. Rock musika jorratzen dute, eta duela gutxi taldearen nondik norakoak aletu zituzten Aiaraldea Komunikabidean:
Kontzertuen ostean ere egongo da gaua eta jai-giroa gune autogestionatuan bertan luzatzeko aukera. Gainera, azken orduko aldaketa bat egin dute Gazte Asanbladako kideek egitarauan: DJ Arriaga gazte orozkoarrak musika jartzaile lanak egingo ditu, iragan larunbateko arrakasta ikusita.