Txakolin Egunaren XXV. edizioa ospatuko dute maiatzaren 26an, Arabako Txakolinaren egun handia. Jatorri deitura osatzen duten zazpi upategiek 2023ko uztaren emaitzak aurkeztuko dituzte jendaurrean, egun osoko egitarau batekin.
Hain zuzen ere, iazko uztatik txakolin "bikainak" ekoitzi dituztela baieztatu du Jose Antonio Merino. Salmenta aurreikuspenekin ere baikor azaldu da Arabako Txakolina elkarteko kudeatzailea, eta "maximo historikoak haustea" espero du. Nazioarteko merkatua dute begiz jota txakolin ekoizleek, Estatu Batuak eta Erresuma Batua esaterako, baina tokiko kontsumitzaileen artean ere gorakada izatea dute erronka.
Egun osoko festa
Maiatzaren 26ko egitarauaren xehetasunak aurkeztu dituzte Amurrioko udaletxean egindako aurkezpenean. Raisa Alava artistak eginiko kartelak iragarriko du festa. Alavak berriki jaso du Urrezko GUK Saria, bere ibilbide artistikoagatik.
Goizetik arratsaldera Arabako Txakolina izango da protagonista nagusia Amurrion. Ohiko protokolozko ekitaldiarekin hasiko dute eguna, eta bertan David Lecanda laudioarra izendatuko dute Arabako Txakolinaren enbaxadore berria. Mariano Alavak azaldu dunez, hainbat jatetxe zabaldu ditu Lecandak Madrilen, eta beti izan du oso presente Aiaraldeko produktuen garrantzia.
12:00etan zabalduko dute parkeko azoka eremua. Bertaratzen diren herritarrek aurtengo txakolina eta tokiko hainbat jaki dastatzeko aukera izango dute. Musika eskaintza ere egongo da azoka eta festa girotzeko, 13:00etan Belgorri amurrioarrek kontzertua eskainiko dute, eta Akerbeltz erromeriak arratsaldera arte luzatuko du festa gogoa, bigarren urtez jarraian.
Tiketen aurre-salmenta
Txakolin Eguneko antolatzaileek gogorarazi dute Internet bidez egin daitekeela txakolin eta janari postuetako produktuak eskuratzeko tiketen erosketa. Iaz ilara luzeak sortu ziren, eta egora hori ez errepikatzeko, hobetu egin dute erosketa sistema. Honezkero eskuragarri daude esteka honetan.