Dantza Lagunak Amurrioko kuadrilla hasi da motorrak berotzen bere 60. urteurrena ospatzeko. Jaia 2026an izango da, baina jadanik prestaketak abiatu dituzte, liburua argitaratuko dute eta.
"Kuadrillaren 60. urteurrena dela eta, 2026an ospatuko dena, liburu bat egingo da, kuadrillaren ibilbidea gogoratzeko. Horregatik, etorkizuneko liburuari begira, bazkide-txartelak jarriko ditugu salgai, kuadrillan zenbat jende egon den jakin ahal izateko eta, horrela, taldeko kide bakoitza liburuan izendatu ahal izateko. Txartel hori oroitzapenezkoa izateaz gain, abantailaren bat edo beste izango du kuadrillaren bazkarietan, arropa-salmentan eta abarretan. Txartel horrekin batera, kuadrillako edalontzi pertsonalizatu batzuk jarriko ditugu salgai", azaldu dute.
Txartelek 4 euro balioko dute eta edalontziek, aldiz, 2 euro. 5 euroren truke salduko dituzte biak. Egitasmoan izena emateko azken eguna ekainaren 30a izango da. Interesdunek izen-abizenak eta jaiotze-data bidali beharko dituzte dantza_lagunak@hotmail.com helbide elektronikora, @dantzalagunak Instagram helbidera edo 600 701 497 Whatsapp zenbakira (Garazi). Jaietako karrozetan izango da bazkide-txartelen zein edalontzien bilketa.