Agerraldia egin dute gaur arratsaldean Amurrioko Gazte Asanbladako kideek, Euskal Jaiko giroa probetuz. 17. Gazte Egunaren egitaraua aurkeztu dute parkearen sarreran. Ekainaren 15ean egingo dute ospakizun hori, egun osoko jarduerekin.
Goizeko hamarretan abiatuko dute jaia, txupinazoarekin. 3x3 futbito txapelketa egingo dute jarraian, parkean. Eguerdian pilota utzi eta aizkorak hartuko dituzte, aizkolari erakusketa mixtoa eskaintzeko. Lucia Orbe eta Jose Angel Zubiaga arituko dira Ainize Perez eta Aritz Irazabalen aurka indarrak neurtzen.
Elexondo pasealekuan, aldiz, gazte sortzaileen azoka eta haurrentzako jolasak egongo dira goiz osoan zehar. 13:00etan trikipoteoa abiatuko dute, eta parkera itzuliko dira gero, bazkaltzeko. Otordu horretarako tiketak Albizabal, Txokogorri eta Biderdi tabernetan jarriko dituzte salgai. Langileek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta 10 euro, aldiz, ikasle eta langabetuek.
Bingo musikatuarekin luzatuko dute bazkalostea, eta txapela jaurtiketa egingo dute ondoren. 19:00etan Xaukena elektrotxaragak girotuko ditu herriko kaleak eta Juan Urrutia plazan bilduko dira gaueko hamarretan, ekitaldiari eta kontzertuei hasiera emateko.
Hiru talde igoko dira oholtza gainera: Hofe x 4:40, TOC eta Jotake erromeria. Gaua luzatzea, aldiz, DJ Latxirongaken esku egongo da.
Ekainaren 15eko zitara bertaratzeko deia luzatu diete Gazte Asanbladako kideek "eskualdeko eta Euskal Herriko gazte guztiei", eta besarkada handi bat luzatu diote Asanbladako kide ohia den eta uneotan Zaballan preso dagoen Galder Barbadori:
17. Gazte Eguneko egitaraua aurkeztu dute @AmurriokoGA -ko kideek
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) May 18, 2024
Info+👉 https://t.co/0LOUeOPvDM pic.twitter.com/gNkti2xaCS