Bihar 17:30ean Kultura Aniztasunaren Jaia egingo dute Amurrioko parkean. Auzokideen arteko topaketa bultzatu nahian, txoko anitzak egongo dira: henna eta txapa tailerrak, herritarren artean eraikitzeko elkarbizitzaren puzzlea, jantzi anitzen erakusketa, horma irudi interaktiboa eta kultura eta elkarbizitaren inguruan hausnartzeko espazioa.
Azken ikasturtean harreman ona sortu denez Amurrioko Zurrumurruen Aurkako taldearen eta Zaraobe ikastetxeko talde solidarioko gazteen artean, biek elkarlanean erabaki dute ekintza zikloa prestatzea, Kulturaniztasunaren Mundu Eguna dela eta.
Biharko egitasmoarekin batera, beste batzuk prestatzen ari dira. Alde batetik, maiatzaren 30ean Kultura identitateen inguruko tertulia proposatuko dute identitate anizdun gazte hizlariak gonbidatuta. Bestetik, ekainaren 9an aniztasunaren inguruko mural bat margotuko dute Laudion, Aiaraldeko elkarteekin eta Batekin erakundearekin (Arabako partaidetza sozialerako eta boluntarioentzako agentzia) elkarlanean.