Go!azen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Amurrio Antzokian datorren larunbatean. Bi pase egongo dira, 17:00etan eta 19:00etan, eta Aiaraldea Komunikabideak lau sarrera bikoitz zozkatuko ditu lehen sesiorako, ostiralean. Zabalik dago dagoeneko zozketan parte hartzeko aukera, hemen.
Araba Euskaraz jaiko kideek eman dizkiote sarrerak komunikabideari zozketa egiteko, eurak baitira ikuskizunaren antolatzaileak. Gasteizen egingo dute ospakizun nagusia ekainaren 16an, Olarizuko zelaietan. Ekimen bateratua izango da, Arabako ikastola guztiek parte hartuko baitute antolakuntzan, Laudio eta Aresketa ikastolak barne. Hala ere, ekimena ez da jai egun horretara mugatuko. Beste hainbat jarduera ere egiten ari dira lehenago, eta horietako bat da larunbatean Amurrio Antzokian eskainiko duten emanaldi bikoitza.
Go!azen ikuskizunak 10 urte beteko ditu aurten oholtza gainean, eta telesaila ere 100. atalera iritsi da dagoeneko. Gauzak hala, emanaldi berezia izango da larunbatekoa.