Bost eta bi urteko kartzela zigorrak ezarri ditu gaur Gasteizko epaitegiak 2020an atxilotutako bi gizonezkoren aurka, EFE agentziak zabaldu duenez. Armak biltegiratzea eta drogak saltzea leporatu die epaileak, baina fiskaltzaren eta defentsako abokatuen artean adostu dute epaia.
Gizonezko bati hiru urteko zigorra egokitu zaio armak gordetzeagatik eta beste bi osasun publikoaren kontra aritzeagatik. Horrez gain, 25.099 euroko isuna ordaindu beharko du. Armak izateagatik aurrekariak izan arren, bere zigorra arintzeko aintzat hartu dute drogen menpekotasuna gainditzeko tratamenduan dagoela eta gizarteratzeko urratsak egin dituela: lana bilatu eta familia izan, esaterako.
Horrez gain, epaileak kontuan izan du jadanik urtebete eta hamar hilabete eman zituela espetxean epaiketa izan baino lehen.
Beste akusatuak bi urteko espetxe zigorra onartu du eta bera ere ez da presondegian sartuko, neurri hori bertan behera geratu baita bere lehen delitua izateagatik.
2020an hiru atxilotu
Gaur izandako epaiketan bi lagun baino ez dira egon akusatuen aulkian, 2020an atxilotutako hirugarren herritarra hil baita.
Zehazki, 2020ko uztailean ertzainek 28 urteko gizonezkoa atxilotu zuten Amurrion, garaje komunitario batean. Antza, bertan aparkatutako autoa erabiltzen zuen biltegi moduan eta hainbat arma zituen. Ordu batzuk geroago 38 urteko beste pertsona bat harrapatu zuten poliziek Ugaon eta bere etxea miatu zuten. Hurrengo egunean 45 urteko beste gizonezko bat arrastatu zuen Ertzaintzak Ugaon bertan.
25 su-arma topatu zituzten guztira. Horien artean zeuden pistolak edota errifle militarrak. Horrez gain, 300 gramo kokaina, 1.800 gramo haxix eta kalamua konfiskatu dituzte, baita 2.800 euro ere.
28 urteko atxilotua baldintzapeko askatasunean omen zegoen, eta 45 urtekoak aurrekariak zituen bahiketa bat egiteagatik su-arma baliatuta.
Ertzaintzako hainbat sail egon ziren lanean maiatzetik, 3 lagun atxilotzeko guztira Amurrion eta Ugaon. Poliziak gaizkile taldea izatea leporatu zien, eta baita drogen salmenta egitea ere.