MARIANO ALAVA

“Klima aldaketa eragina izaten ari da txakolinaren ekoizpenean”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mai. 25a, 16:23

Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapeneko lehendakaria da Mariano Alava. / Aiaraldea.eus

Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapeneko presidentea da MARIANO ALAVA. Sektoreak azken 25 urteetan izan duen bilakaerari eta aurrera begirako erronkeu buruz mintzatu da. 

Igandean da Txakolin Eguna. Zer moduz doaz prestaketak?

25 edizio ofizial eta horren aurretik beste hainbat ez-ofizial daramatzagu jai hau ospatzen. Badugu esperientzia eta saiatzen gara egiten duguna ondo antolatzen, arrakasta izan duena errepikatuz eta finduz eta hobetzeke dauden kontuak hobetuz, ahal den neurrian.
Aurten indar guztiak jarri ditugu ilarak arindu eta tiketen salmentaren kolapsoa ekiditen. Mota honetako edozein ekitalditan bezala, ordu zehatz batzuk daude zeintzuetan jende asko biltzen den kolpez. Saiatuko gara une horietan tiketen salmenta ez kolapsatzen. Hainbat forma alternatibo atondu ditugu horretarako, Internet bidezko salmenta kasu. Teknologia berrietan trebatua dagoen jendeak modu horretan eskuratu ahalko ditu txartelak, ilaretatik igaro gabe. Horrez gain, tiketak aurretik erosteko aukera egongo da baita Amurrioko Kultura Etxean. Horretan jarri ditugu indarrak, hori baita aurreko ediziotik identifikatu genuen hobetzeko puntuetako bat.

Jaiaren 25. edizioa da aurtengoa. Kanpotik ikusita, badirudi lortu duzuela txakolina sustatzeko ospakizun huts bat zena Amurrioko zein eskualdeko jai egun garrantzitsuenetako bat bihurtzea. Zer nolako bilakaera izan du egunak?

Gu oso pozik gaude jaiak nahita edo nahigabe lortu duen arrakastarekin. Agian, arrakastaren gakoetako bat izan da lortu dugula inplikatzea adin-tarte bateko jendea berez ez dena lehen sektoreko mota honetako ekitaldien ohiko kontsumitzailea. Kasu honetan, urratsa eman dugu protagonismoa gazteei emateko, eta horrek lagundu digu ohiko kontsumitzaile profila gainditzen. Funtsezko  elementua da hori, eta oso kontuan izaten dugu programa osatzeko orduan, gazteak izan daitezen jaiaren protagonistak eta egunaz gehien gozatzen dutenak.

Horrek zerikusia du baita belaunaldi aldaketarekin, eta ez soilik enpresetan ematen den ezagutzaren transmisioaren ikuspegitik, baita hortik harago dauden gauzei dagokionez ere.

Hori da sektoretik sustatu nahi duguna: ekimena gazteenen artean errotu eta zabaltzea. Oso pozik gaude esparru horretan eginiko lanarekin eta uste dugu badela jai honen gakoetako bat.
30 urte inguru daramatzagu festa antolatzen, ofizialki 25 edizio egin ditugun arren.

"Gazteen inplikazioa izan da Txakolin Egunak duen arrakastaren dagoetako bat"

Eskualdeko txakolinaren tradizioa berreskuratzen genbiltzanak bildu ginen, ospakizun bat egiteko gure artean. San Anton azokaren testuinguruan antolatzen hasi ginen, urtarrilean zelako eta ordurako uzta berria ateratzen hasten zelako. Gainera, egun hori ere baliatzen zen Euskal Herriko beste zonalde batzuetan txakolina sustatzeko, eta Amurrion ere bazuen protagonismoa jaiak.

Baina egun horretan jada bazegoen nahiko errotuta zegoen erromeria bat, eta ez genuen espazio hori okupatu nahi. Gauzak hala, data udatiarrago batera mugitzea erabaki genuen. Mota honetako jaietan eguraldia bada arrakastaren gako, eta bilatu nahi genuen egun bat zeinetan ez zen bestelako jairik egongo ez Amurrion ez inguruko herrietan eta zeinetan eguraldi ona gutxi gorabehera bermatuta egongo litzatekeen. Horregatik jo genuen maiatzaren amaierako eta ekainaren hasierako datetara. Garai hauetan hauteskundeak egin ohi dira eta, horren ondorioz, data aurreratu edo atzeratu behar izan dugu horren arabera. Saiatu gara baita otxomaioak eta San Joseko jaiak ez oztopatzen, eta horrela topatu dugu egungo espazioa. Beti kointziditzen du zerbaitekin, gure herrialdean jai asko daudelako, baina egunak badu jada tokia jende askoren jai-egutegian.

Iazko uzta ez zen espero bezala atera, jaitsiera nabarmena egon zen bildutako mahats kopuruan. Nola eragin du horrek ardoaren ekoizpenean?

Urte horretan ez zen ezer falta izan, denetarik izan genuen. Udaberrian hasi ginen izozteekin eta horren ostekoa urte ezin zailagoa izan zen mahastizainentzat. Oso tenperatura altuak izan genituen, lehorteak, hilabete batzuetan hezetasun handia egon da eta horrek onddoen presentzia sustatu du… oso zaila izan da ekoizpena bermatzea. Datuek iradokitzen zuten ekoizpenak ia %50 egingo zuela behera aurreko urteekin alderatuta.

Aurten ikusiko dugu, urte hasieran gaude oraindik. Momentuz ia toki gehienetan libratu gara udaberriko izozteez. Ia toki guztietan diot, lursail zehatz batzuei eragin dielako hotzak, zoritxarrez. Ikusiko dugu zein den bilakaera, oraindik goiz delako aurreikuspena egiteko.

Nabaritzen duzue klima aldaketaren eragina?

Noski nabaritzen ari garela eta eragiten ari digula. Ikusteke dugu ea guretzat arrisku bat izango den edo ez, toki batzuetan gertatzen ari den bezala. Baliteke klima-aldaketaren ondorio batzuk guretzat onak izatera iristea. 

Baina datu objektiboa da eta inork ezin du ukatu 2023ko mahats-bilketa irailean amaitu genuela. Hori ez zen aurretik inoiz gertatu, duela 25-30 urte urriaren erdialdean ekiten genion lan horri. Horrek esan nahi du dena aurreratzen ari dela baldintza berrien ondorioz.
Esan dut guretzat agian ez direla horren kaltegarriak izango klima aldaketaren ondorioak. Izan ere, oroitzen dut duela berrogei urte uztaren jasoketa ahalik eta gehien atzeratu behar genuela, mahatsa behar beste ondu zedin eta behar bestelako alkohol graduazioa lortu zezan, ardo orekatua lortzeko. 

"Esan dut guretzat agian ez direla horren kaltegarriak izango klima aldaketaren ondorioak. Izan ere, oroitzen dut duela berrogei urte uztaren jasoketa ahalik eta gehien atzeratu behar genuela, mahatsa behar beste ondu zedin eta behar bestelako alkohol graduazioa lortu zezan, ardo orekatua lortzeko"

Kontrakoa gertatzen zaigu orain: tentuz ibili behar gara mahatsa behar baino gehiago ondu ez dadin, baina hori egitea beti da errazagoa, bilketaren data aurreratzea delako, eta badugu horretarako behar beste datu, ezagutza eta teknologia. Bere garaian ezin genuen betiko itxaron, landarearen zikloa amaitzen zelako eta, gainera, azarotik aurrera ez zelako 30 graduko egunik egoten.

Alde ona da, beraz, uzta aurreratu dezakezuela. Txarra, aldiz, muturreko klima gertaerak.

Hala da. Muturreko gertaerak jasotzen dira: txingorra edota bero-kolpeak kasu. Horrelakoak ez dira ohikoak izan hemen orain arte, eta, arrunt bilakatzen badira, bilatu beharko dugu horiei aurre egiteko moduren bat.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronkak?

Txikia da gure Jatorrizko Izendapena, baina baditugu gurekin senidetutako beste bi izendapen: Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa. Gauza bera egiten dugu eta salmenta puntu berdinetara jotzen dugu. Euskal Herriko merkatuak muga dauka, garenak gara eta ezin dugu ekoizpena handitu tokiko kontsumoak guztia xurgatzeko asmoarekin, kasu horretan alkoholizatuen herrialdea sortuko genukeelako, eta hori ere ez da asmoa.

Globalizazioak duen kontu bat bada gu munduaren beste puntan saltzen dugun modu berean, beste batzuk ere hona datozela munduaren beste puntatik eurena saltzera. Guztiei gustatzen zaie gauza ezberdinak probatzea noizbehinka, eta beste aukera eta ardo batzuk topatzea. 
Hau geroz eta konplexuagoa da eta geroz eta gehiago exijitzen digu, gainontzekoak ere horretan dabiltzalako. Hemengo kontsumitzaileekin abantaila izan dezakegu agian, baina Estatu Batuetara goazenean, adibidez, planetako ardo guztiekin ari gara lehiatzen, eta denok dakigu beste toki batzuetan gauza bikainak egiten direla. Merkatu horretan gure ardoa hautatzen badute, bada maila berdinean ikusten dutelako, dastatu eta besteekin konparatzen dutenean. 

Txakolingile guztiak ahalegindu behar gara ahalik eta kalitate handieneko mahatsa ekoizten. Horretarako, mahastizainek gehiago zaindu behar dituzte mahastiak eta horrek, logikoki, kostea dakar. Ondoren, mahasta dagokion prezioan ordaindu behar da, denek irabaziak izan ditzaten, eta gauzak geroz eta hobeto egiteko interesa hedatu dadin. 

Modu horretan, kalitate bikaineko lehengaia izango dugu, kalitate handiko txakolina egiteko balioko diguna, eta nazioartean lehiatu ahalko dugu munduko beste edozein txokotan ekoizten ari diren ardoekin.

Hori da arrakastaren gakoa, eta hori lotzen dut belaunaldi aldaketarekin. Izan ere, hori egiteak eskatzen du geroz eta ezagutza, ikerketa eta berrikuntza gehiago izatea. Non jorratzen da hori guztia? Ba ezagutza zentroetan, unibertsitateetan, alegia. Bertan daude gure gazteak formazioa jasotzen, lekukoa jasotzeko, jada urte batzuk daramagunok urrats bat atzera ematen dugunean, egiten duguna hobetzeko, horretarako aukera badago. 

Lortzen ari zarete?

Kosta egiten da. Lehen sektoreak ez du astebururik. Gauzak dagokien unean egin behar dira, klimak markatzen duelako, besteak beste. Horren ondorioz, larunbat eta igande askotan dagokigu lan egitea, eta abuztuan ere mahastia ez da oporretara joaten.

Baina gero baditu beste hainbat onura. Ardoa saltzea, dastaketa komentatuak egitea eta arrakastaren gakoa produktua geroz eta gozoagoa izatean egotea bada balio erantsia eta pizgarria sektore honetan aritzen garenontzat. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide